Durangoko 25. Euskal Dendeak 15.709 bisitari izan ditu

Bizkaie! 2021-12-09 08:27   Kulturea

Bost Azoka egun eta euriari, haizeari eta beste alerta batzuei aurre eginez.

Segurtasun-neurriak zorrotzak izan diran arren, artisauak tailerretatik urten eta ia bi urteko lanak erakutsi ditue, izan ere, joan den 2020an ez zan egin pandemiagaitik eta, beraz, harro gagoz funtzionau dauen moduaz, izan dauen errespetuaz. Jarraitu beharreko adibide bat izan da, azpimarratu dau Arbaso Alkarteak, Euskal Dendearen atontzaileek. Ez da Euskal Denda erraza izan, izan be, pandemia, krisia, osasun larrialdi egoera hau, gizarte osoa estutu dauena, zidarrezko ezteiak beteten ziran edizinoan be igarri da. Halan da be, 15.709 bisitari ez genduzan espero eta, beraz, pozik gagoz esan dabe. Arbasoren ustez, Durangoko Azokeak be jente gitxiago mobiduteak eragina izan dau gure azokan. Baina aurtengo zifrak perspektibeagaz begiratu behar dira, eta onak dira.

Jakina, horrek guztiak salmenta txikiagoak ekarri ditu, baina saldu saldu da. Jenteak Gabonak ospatzen jarraitzen dau, akaso lehen gehiago gastetan zan eta orain gehiago pentsetan da, ez da modu konpulsiboan erosten, baina artisauek saldu egin dabe eta, jakina, eskerrak eman behar jakoz publiko leialari.

Arbason 25 urte bete ez izanaren penaz gagoz, jai handia gura genduan eta Artetsu Sarien ospakizunagaz batera ospatzea, baina zentzunez jokatu dogu; artisauen eta publikoaren jarrerea bikaina izan da jakitun izan diralako segurtasuna errespetau behar dalako beste ezeren gainetik.

Era horretan, artisautzeagaz izandako hitzordu jentetsu honetan, bisitak eten barik ibili dira eta segurtasunaren gaia zorrotz bete dabe: Esparruaren edukierea bete dogu une oro, adierazo dabe eta barruan baimendutako personen kupoa beteten zan bakotxean, sarbidea zarratzen geuntsen bisitariei.

Hitzordu honen ondoren, Arbaso 26. edizinoari begira jarri da, pandemia ames gaiztoa izango dalakoan eta Durangora egingo dan erromesaldi jentetsu hau berreskuratuko dalakoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu