'Irudia + Hitza' zarratze ekitaldiagaz amaituko da gaur 56. Durangoko Azokea
2021-12-08 09:27 KultureaArratsaldeko 19:00retan iragarriko dira 57. Durangoko Azokako datak.
Gaur, abenduak 8, amaituko da Durangoko Azokako 56. edizinoa baina egunean zehar egitarau potoloa dago: Disko aurkezpenak (Madeleine, Birkit, Liher...), literatur barriketaldiak (Alberto Barandiaran, Oihana Arana, Juan Kruz Igerabide...), proiekzinoak (Belarri bero, bai esan? websaila), Högeitavat (poesia)...
Disko aurkezpenei jagokenez, hamar zuzenekoetatik bederatzitan emon daiteke izena: Sistemak Arriskutsuak Dira, Birkit, Astoturfer, Nahiak Nahi, Klak!son, Giante, Madeleine, Ainhoa Larrañaga + Triology eta Errietan. Liher ikusteko sarrerak agortu egin dira.
Azokako amaiera ekitaldia iluntzeko 19:00etan izango da, Landako Guneko areto nagusian: Irudia + Hitza zuzeneko sorkuntzea eskainiko deuskue Euskal Irudigileen Alkarteak eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, Azokako bisitarien eta irudigileen arteko zubiak eregiteko ekintza parte-hartzailea. Bertan iragarriko dira 57. Durangoko Azokako datak.
Ahotsenea barriketaldietan, hamaika sortzaile izango dira Landakon eta Musika Eskolan: Juan Kruz Igerabide, Fernando Rey, Oihana Arana, Amaia Telleria, Teresa Calo, Ibon Muñoa, Elena Martinez Rubio...
Szenatokian gaurko ekitaldia goizez izango da, 12:30ean. Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen Högeitavat poesia saioa izango da: Iñigo Astiz idazlearen Analfabetoa liburua oinarri hartuta, mende honen mamuei eta itxaropenerako zantzuei eskainitako poema irakurketa eszenikoa atondu dabe.
Irudienean be proiekzino ugari eskainiko ditue egun osoan zehar: Belarri bero, bai esan? websail erotikoa; Asier Altuna eta Migel Angel Elkoroberezibarren Bergara, Serafin Esnaolaren begirada 1965-85...
Kabi@n egunik bereziena izango da. Behin geruza digitalak amaituta, gaur Sorkuntza digitala: zer behar dabe sortzaileek, zer proiektu mota gerturatzen da? mahaingurua atondu dabe; Oskia Ugarte Abarzuza (Uharte zentroa), Sahatsa Jauregi Azkarate (Okela Sormen Lantegia) eta María Mur Dean (Conssoni).
Saguganbaran, egunero bezela, ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak eta tailerrak egongo dira. Azken emanaldia berezia izango da, Ene Kantak taldearen Dantzan ikuskizuna izango dogulako, 18:00etan. Talaian be egongo da zer ikusi eta zertaz gozau, hainbat berbaldigaz: Gure fauna eta floreari begira, Komunikazino ez bortitza: bizi hizkuntza bat, Euskerearen Gramatikea...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!