Kasete interaktibo eta guzti dator Kai Nakai
2021-12-05 13:21 MusikeaMaitia disko barria abenduaren 10ean zabalduko dau plataforma digitaletan.
Durangoko Azokearen sormen bekeari esker lehenengo diskoa kaleratu eta Euskal Herri osoan ibili eta gero, bigarren diskoa dakar Kai Nakai gasteiztarrak. Maitia izeneko lan barrian bost abesti batu ditu, reggaetoia euskeraz egin leitekela erakusten segitzeko.
Formatu bitxia aukeratu dau Kai Nakaik bigarren disko hau zabaltzeko. Kasete interaktiboak izenekoak atera ditu: kasete tradizionalaren formea dauen euskarria da, baina eskuko telefonora kantuak berehala deskargetako modua emoten dau, teknologia barriei esker. Formatua bateragarria da iPhone 6 eta hortik gorakoetan, baita NFC teknologiadun Android gailuetan be.
Kasete tradizionalaren moduan be entzun leiteke, walkman edo antzeko gailuren bat erabiliz. Beraz, nostalgikoak asetzeko zein punta-puntako teknologiak gustuko dituenentzat aproposa da kasete interaktiboa.
Abenduaren 10ean, barikuan, aurkeztuko dau modu ofizialean Maitia Kai Nakaik, egun horretan plataforma digitaletan zabalduko dau diskoa. Dana dala, kaseteak Durangoko Azokan erosi leitekez, artista gasteiztarraren erakusmahaian.
Maitasunaren inguruko istorio bat bost abestitan kontau dau Kai Nakaik lan barrian. Maitasun toxikoaz eta horretatik askatzeko bideaz egiten dau berba lehenengo kantu bietan, ondoren maitemintzea eta hartu-emon osasungarriak ditu ardatz.
Eli Zaldua bertsolari gasteiztarrak idatzi ditu Maitia-ko berbak.
Musikea be kantu bakotxak agertzen dauen animora egokitu dauela kontau deusku: lehenengo kantu biak tristeak dira, hirugarrenean zoramena eta subidoia dagoz, eta azken biak polit-politak dira. Reggaeton erakoak dira danak, azkena izan ezik; disko-musikea da bosgarren hori.
Kolonbiako produkzino-etxe batera jo dau Maitia egiteko, hau da, reggaetoiaren jatorrira bertara. Hortaz, euskerazko reggaetoiaz gozau nahi dauenak, estilo horretako bene-benetako erritmoak topauko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!