Runba doinuak heldu dira Durangoko Azokara
2021-12-05 12:40 MusikeaKilimak taldeak lehenengo diskoa argitaratu barri dau.
Euskal Herriko musikagintzan leku apala dauen estiloa da runbea, baina Kilimak taldeak horri bueltea emon nahi deutso. Horregaitik plazaratu dau Euskal Herriko runba diskoa (Baga-Biga), genero horretako euskerazko kantuak batzen dituan lana. Euren lehenengo diskoa da.
Agus Garmendia hernaniarra Durangoko Azokan dabil egunotan, Baga-Bigaren erakusmahaian Euskal Herriko runba aurkezten, saltzen eta sinatzen. Izan be, Kilimak taldearen sortzaileetako bat da bera. Betidanik estilo hori gustau izan jako, eta gogoan dau auzoko kaleetara urteten ebela lehen, modu inprobisaduan runbak kantetan.
Talde ezagunen bersinoak egitetik euren kantuak sortzera pasau ziran gero. Hutsunea egoala ikusita, ganera, euskerazko runbak egiteko erabagia hartu eben. Horregaitik, disko barriko pieza guztiak euskeraz dira, baita zuzeneko kontzertuetan joten dituen beste batzuk be.
2018an sortu zan Kilimak, Agus Garmendia eta beste kide batzuk lehenagotik be proiektuan sartuta ibili ziran arren. Harrezkero, ehun kontzertu baino gehiago jo ditue Euskal Herri osoan. Orain, diskoa argitaratzeko pausua egin dabe.
Entzuleek harrera polita egiten deuskue, jaietan sarri joten dogunez giro ona eroaten dogu herrietara, azaldu deusku Garmendiak. Runbea ez da ohiko estiloa gurean, baina jenteak ondo hartu dau: hasieran beti ginan arraroak, rock taldekoen eta halakoen teloneroak, baina jenteak eskertu egiten dau barritasuna.
Euskal Herriko runba diskoari jagokonez, Garmendiak dino jantzarako aproposak diran kantuak topauko doguzala. Poztasuna zabaltzea da Kilimak-en helburua. Ahotsenean joko dabe gaur, domekea, eta ondoren eten bat egingo dabe zuzeneko emonaldietan, abesti barriak sortzen bete-betean hasi nahi dabe eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!