Argazki erakusketa bi aurkeztu ditu BBK Mendi Film-ek Itsasmuseumen
2021-12-02 08:44 KultureaUrtarrilaren 9ra arte ikusi ahal izango dira Atxarte eta CVCEPhoto.
Abenduaren 3tik 12ra egingo dabe BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia, eta horregaz lotuta sei erakusketa ikusi ahal izango dira urian, mendiagaz eta natureagaz lotuak. Horreetako bi Itsasmuseumen dagoz, urtarrilaren 9ra bitartean, eta lau berbaldigaz osotuko dabe hango programazinoa.
Mendiko kultureak eta itsasoko kresalak bat egingo dabe, beraz, Itsasmuseumeko programazinoan, erakusketak aurkezteko ekitaldian azpimarratu dabenez. Museoko zuzendari Jon Ruigómezegaz eta Mendi Filmeko zuzendari Jabier Baraiazarragaz batera, agerraldi horretan izan da Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua.
Argazki erakusketak dira Itsasmuseumeko biak. Lehena, Atxarte, Urkiolako Parke Naturaleko paraje horretako kontrasteen lekukotasuna da, natura bizi-bizia eta harrobi ikaragarriaren aztarnak batzen diralako. Arantza Sáez de Lafuente ibili da han argazkiak egiten, eta harrobiaren hormetan orain dala 70 urte baino gehiagotik egiten dan eskaladeari arreta berezia emon deutso.
Beste erakusketan, CVCEPhoto lehiaketako zazpigarren edizinoko argazkirik onenak ikusi geinkez. Nazinoarteko sariketa horretara aurkeztutako hogei erretratu aukeratu ditue, tartean Jan Zahula txekiarraren The Edge of Guillotine, XIV. Mendi Filmeko irudi bihurtu dana.
CVCEPhoto erakusketako argazkiak, Itsasmuseumen ez eze, Bilboko metroko geltoki batzuetan be ikusi ahal izango dira, baina abenduaren 14ra arte baino ez: Moyua (Diputazino kaleko sarbidean), Indautxu (Urkixo) eta San Mames (Intermodala). Aurreko egunotan Abandoko geltokian ikusi ahal izan dira erretratuok.
Erakusketen osogarri diran berbaldiak abenduaren 4an, zapatua, hasiko dira. CVCEPhoto lehiaketearen inguruko Panel Talk dalakoa egingo dabe egun horretan, argazkilari ezagunak parte-hartzaile dirala: Jan Zahula, Sandi Bertoncelj, José Allende eta Javier Urbón. Moderatzailea Rafa Elorza izango da, CVCEPhotoko zuzendaria.
Domekan, hilak 5, Pasión vs Algoritmo berbaldia emongo dau Jaume Ripoll Filmineko ordezkariak, Aritz Galarza aurkezle dala. Astelehenean, mendiko filmen musikaz egingo dabe berba Paula Olaz eta Joaquín Gómezek, eta Aitor Elduaien aurkezle. Azkenik, martitzenean, Atxarteko lagunak saioa gidatuko dau Arantza Sáez de Lafuente argazkilari eta artisteak.
Berbaldi guztiak Itsasmuseumeko auditoriumean izango dira. Sartzea doban da, baina gonbidapenak eskatu behar dira Mendi Film jaialdiaren webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!