Euskerazko eta ingelesezko lexiko elebiduna martxan
2021-11-30 11:09 KultureaMaterialen terminologia zientifikoa eta teknologikoa euskal gizartera hurreratzea da asmoa.
Materialen zientzia eta teknologiaren arloko ikertzaile eta teknologoek lantzen dituen ikerketa, garapen eta barrikuntza-arloak oso garaikideak eta espezializatuak diranez, etenbarik kontzeptu eta termino barriak erabili eta sortu behar izaten ditue. Erronka horri aurre egin behar deutse jarduerea euskeraz egiten dabenek be eta testuinguru horretan ohikoa izaten da neologismoak erabiltea eta sortzea. Halan da be, prozesu horrek metodologia jakin bat jarraitu behar dau gitxieneko kalidade-mailea bermatzeko.
Ceit, Tecnalia eta Leartiker zentro teknologikoek, Mondragon Unibersidadeagaz eta Euskal Herriko Unibersidadeko Polymat, Zientzia eta Teknologia Fakultadea eta Gipuzkoako Injinerutza Eskoleagaz batera, lexiko elebidun hau sortzea bultzatu eben 2018an, MZT Materialen Zientzia eta IV. Teknologia Kongresuan
aurkeztutako azterlanetan erabilitako berba espezializatuenak, materialen ikerketeagaz zerikusia dabenak, batzeko euskeraz eta ingelesez. Kongresuaren ha edizinoa BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzako kide dan CEIT zentroak atondu eban, Tecnun Nafarroako Unibersidadeko Injinerutza Eskoleagaz batera.
Hiztegia erabilgarri dago kongresuaren webgunean integrautako aplikazino batean eta urte birik behin egiten dan kongresuaren hurrengo edizinoetan zabalduz joango da, baliabide sendo eta erabilgarri bat eratzeko unibersidade-ikasleentzat, ikertzaileentzat eta industria-sektoreko langileentzat. Tecnaliak eta Euskampusek zemendiaren 29an eta 30ean, UPV/EHUko Bizkaia Aretoa eraikinean atondutako MZT kongresuaren bosgarren edizinoan egingo da proiektuaren aurkezpen ofiziala.
Egitasmo honen koordinatzaile eta Ceit-eko Prozesamendu Termomekanikoko ikerketa-taldearen zuzendaria dan Amaia Iza-Mendiak azaldu dauen lez, batze, zuzenketa eta sortze-lanean oinarrituta, 1.374 terminoko lexikoa osotu dogu lehen bersino honetan eta termino horreetako gehienak euskerazko erreferentziazko hiztegi terminologikoetan edo beste baliabide batzuetan orain arte jaso barik egozan. Asmo bikotxa dogu: batetik, koherentzia eta zehaztasuna bermatzea kongresuaren hurrengo edizinoetan aurkeztuko diran lan zientifikoetan eta, bestetik, esparru akademikoan, teknologikoan eta industrian termino horreen erabilerea normalizetan laguntzea'.
Gainera, hiztegi elebidun horren bultzatzaileek Euskalterm banku publikoa mantentzen dauen UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren koordinazinoa eta aholkularitza terminologikoa izan ditue. Banku horretan jasoten da Terminologiako Batzordearen normalizazino-ekimenaren emoitzea, euskal gizarteari euskerazko termino tekniko normalizatuak eskainiz.
MZT kongresuak lantzen dituan jakintza-arloetako oinarrizko termino normalizatuak eta espezializatuak Euskaltermen be konsultetako aukerea izatea oso garrantzitsua da. Lexikoa Euskaltermen bidez modu errazean eta zuzenekoan konsultau ahal izango dala bermatzeak lan honen gizarteratzea eta normalizazinoa ahalbidetuko ditu, adierazo dau proiektuaren koordinatzaileak.
Hiztegiaren garapenean ondoko ikertzaileek parte hartu dabe: Amaia Iza-Mendia eta José Mari Rodríguez Ibabe (CEIT), Antxon Santamaría (UPV/EHUko POLYMAT), Maider García de Cortazar eta Pedro Egizabal (Tecnalia); Idoia Urrutibeaskoa eta Laurentzi Aretxabaleta (Mondragon Unibersidadea), Jose Miguel Campillo, Nestor Etxebarria eta Fernando Plazaola Muguruza (UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadea), Rikardo Hernández (Leartiker); Faustino Mujika Garitano (UPV/EHUko Gipuzkoako Injinerutza Eskolea) eta Begoña Arrate (UZEI).
Era berean, erakunde honeen babesa izan dau proiektuak: Eusko Jaurlaritzea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, SPRI Taldea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kutxa Fundazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!