'Senderos de gloria' klasikoa, XI. Zinexit amaitzeko

Bizkaie! 2021-11-26 13:45   Zinemea

Gerrearen kontrako aldarria da Stanley Kubricken filma.

Kirk Douglas, filmaren momentu gorenetako batean | Ikusi handiago | Argazki originala

Astelehenetik Bilboko Golem Alhondiga aretoan ikusi ahal izan dira alkartasunaren, bardintasunaren eta pakearen aldeko filmak, XI. Zinexit jaialdiari esker. Izan be, Zinemearen eta Giza Eskubideen Erakustaldia da Zinexit, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritzeak antolatua.

Gaur, barikua, aurtengo edizinoa amaitzeko, zinemagintzearen klasiko handi bat proiektauko dabe, Stanley Kubricken Senderos de gloria (jatorrizko izenburua Paths of Glory da). Kirk Douglas protagonista dauen filmak I. Mundu Gerrako historia bat kontetan dau, benetako jazoeretan oinarritua, gerrearen kontrako mezua zabaltzea helburu.

Kirk Douglas bera, Hollywoodeko izar handietako bat, produkzino-etxeagaz eztabaidan ibili zan, proiekturako baliabideak lortzeko, eta ondoren Kubrick zuzendariagaz, ikuspegi artistiko desbardinak tarteko. Gorabehera horreen ondorioz, aberastasun artistiko handiko filma bihurtu zan, alde bateko eta besteko ekarpenei esker. Kubricken gogortasuna eta Douglasen humanismo zein arrazoimena buztartzen dira filmean.

Film iluna da Senderos de gloria, emozinoak azalera ekarten dituana. Indarkeriaren ondorioak jorratzen ditu, biktimeak ez eze, gizarte osoak eta erasotzaileak berak sufriduten dituen ondorio txarrak hain zuzen. 

Bilboko emonaldia 19:30ean hasiko da. Sartzea doban da, baina saioa hasi baino ordubete lehenago gonbidapenak hartu behar dira Golem Alhondigako txarteldegian. Kaliforniako UCLA unibersidadeko adituek zaharbarritutako kopia ikusi ahal izango da Zinexiteko proiekzinoan, beraz, zinemearen historiako klasiko handi bat kalidade bikainean eta pantaila handian ikusteko aukera parebakoa izango da. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu