Domekan ezagutuko dogu 2021eko Nafarroako Txapelduna
2021-11-26 10:32 BertsolaritzeaIruñeko Anaitasunan jokatuko da finala.
2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketeari saio bakarra geratzen jako, finala. Domekan, hilak 28, izango da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian (17:00), eta oholtzan kantuan entzun ahal izango doguz kanporaketan ondoen ibili diran zortzi bertsolariak: Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira.
Beterano eta gazteen arteko nahaste polita, beraz, hautagaien artean, eta saioa gidatzen, Alaitz Rekondo eta Ander Aranburu gai-jartzaileak. Irabazleari txapela Estitxu Arozenak jantziko deutso, Nafarroako bertsogintzearen azken hamarkadetako protagonistetako batek.
1975ean Mutrikun jaioa (ume-umetatik bizi izan da Nafarroan), plazara salto egin eban lehenengo emakume-belaunaldietako bateko kide da Estitxu Arozena. Nafarroako lehenengo emakume txapelduna izan zan, 1995ean irabazi eban txapelketea. 1998an barriro irabazi eban eta beste zazpi aldiz txapeldunorde izan da.
Gaur egun, Bortzirietako zein Nafarroa osoko bertsogintzea bultzatzen eta harrobia lantzen dabil, batez be hezkuntza arautuaren eta bertso-eskolen bidez. Saioak antolatzen be sarri ibilten da. Horregaitik guztiagaitik eta lehenengo txapeletik mende laurena bete zalako, Nafarroako Bertsozale Alkarteak omenaldia egin nahi izan eutsan igaz Arozenari, irabazleari txapela jazteko aukerea emonez, baina 2021era atzeratu dabe, pandemia tarteko.
Iruñeko finalera heldu baino lehen, txapelketea Nafarroa osoan ibili dala nabarmendu dau Alaitz Rekondok, Nafarroako Bertsozale Alkartearen izenean. Kultur sorkuntzea, bertsolaritzea eta euskerea herrialdeko bazter ugaritara eroan dabela gogoratu dau eta finalaren aurreko saio guztiak kontuan hartuta 1.600 ikus-entzule batu dirala. Nafarroan bertsolaritzea sendo, osasuntsu eta anitza dala dino.
Kontuak kontu, txapelketeari ekin eutsen 29 bertsolarietatik zortzi heldu dira Iruñeko finalera. Josu Sanjurjok eta Saioa Alkaizak lehenengoz kantauko dabe finalean eta beste muturrean dago Xabier Silveira, 16. finala izango dauen ezkero, eta zazpi irabazi. Julio Soto gaur egungo txapelduna be beteranoen artean dago, hamargarrena dau eta. Bost aldiz izan da Nafarroako irabazle Soto.
Xabat eta Joanes Illarregi anaiek bigarren aldiz kantauko dabe finalean. Eneko Lazkozentzat zazpigarrena izango da eta Eneko Fernandezentzat, bosgarrena. Beraz, danetariko ibilbideak dituen bertsolariek hartuko dabe oholtzea, baina danak datoz finalaurrekoetan lan bikaina egitetik.
Zati bi izango ditu finalak. Lehenengoan, ariketa ugari egin beharko ditue zortzi bertsolariek, bakarka zein binaka. Bigarrenean, buruz burukoan, ordura arte puntu gehien batu dituen bertsolari biak baino ez dira egongo. Atal bietako puntuak batuta jakingo dogu Estitxu Arozenak nori jantziko deutson txapela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!