Diseinuaren eta sormenaren mundu barriak jorratu ditue Bilbao Design Week-en

Bizkaie! 2021-11-26 09:48   Kulturea

Aurtengo edizinoan, presentzialtasuna berreskuratuta, 6.700 parte-hartzaile egon dira.

Amaierako ekitaldia, Bilbon (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurreko egunotan, zemendiaren 18tik 25era, egin dabe Bilbao Bizkaia Design Week topaketearen 2021eko edizinoa, barriro formatu presentzialera bueltan eta betiko helburuei eutsita: sormenaren eta diseinuaren industriako eragileen topaleku izatea eta herritarrei jarduera ugari eskaintzea. Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena dan arren, erakunde publiko eta pribadu ugarik laguntzen dabe antolakuntzan, adibidez unibersidadeek eta alkargo profesionalek.

Aurtengo egitarauan 61 jarduera egon dira, era guztietakoak: erakusketak, berbaldiak, topaketak, bisitak... Horrek jente ugari erakarri dau, 6.700 parte-hartzaile baino gehiago. Antolatzaileek azpimarratu dabenez, diseinuaren eta sormenaren mundu barriak jorratu ditue astebetez, eta errealidade barrietara egokitzeko bideak aztertu. 

Bilbao Bizkaia Design Week amaitzeko, eguenean egin dabe azken saioa, Bidegurutzeak eta transizinoak izenburupean, bizi dogun testuinguru aldakorrak dakarzan erronkei arretea emoteko asmoz: aldaketa klimatikoa; osasun, ekonomia eta gizarte krisiak; eta biztanleriaren zahartzea. Auzi horreei modu sortzaileagoan eta eraginkorragoan helduko deutsen lanbideak bultzatu eta hibridatzea beharrezkoa da.

Edizino honetan konbidadu bereziak izan dira Lituaniako Kaunas uriko ordezkariak, 2022an Europako Kultur Uriburua izango dalako. UNESCOko Uri Sortzaileen Sareko kideak be egon dira Bilbon egunotan, erakunde horretako Espainiako batzarra egin dalako.

Udalak eta Foru Aldundiak astebeteko topaketea aprobetxau dabe sormenaren eta diseinuaren industriari babesa emoteko, enplegu kualifikadua eta jarduera ekonomikoa sustatzen dituan arloa dalakoan. Bizkaian, gaur egun, 5.943 enpresa dabiz sektore horretan, eta 20.000 lagun baino gehiagori emoten deutse lana. Bizkaiko enpresa guztien % 6,5 sormenari eta diseinuari lotuta dagoz, eta hazten doa sektorea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu