Bizkaia Aretoak hamar urte bete ditu
2021-11-26 09:32 KultureaIa 5.000 ekitaldi eta ia miloe erdi bisitari izan dira.
Unibersidadeko kideak batu dira Bilbon UPV/EHUko paraninfoaren lehen hamarkadea ospatzeko UPV/EHUko errektorea eta unibersidadeko kideen ordezkaritza zabala, izan be, Bizkaia Aretoak, euskal unibersidade publikoak Bilboko erdigunean dauen paraninfoak bere hamargarren urteurrena ospatu dau. Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak ekitaldiari hasierea emon ondoren, Juan Ignacio Pérez Iglesias Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari eta erakundeko errektore ohiak berbaldi bat emon dau honako izenburupean: Bizkaia Aretoa, munduari edegitako leihoa; Xabi Paya eta Onintza Enbeita bertsolariek eta EHUalumniko kideek bertso eta testu idatzien bidez parte hartu dabe eta EHUorkestreak Mozart, Haydn eta Beethovenen piezak interpretau ditu. Ekitaldia baliogarria izan da Bizkaia Aretoak urte honeeta gauzatutako jarduera bizia eta Bilboko bizitza sozial eta kulturalean zelan txertatu dan gogoratzeko.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak zarratu dau ekitaldia eta azpimarratu dau eraikinak apartekio garrantzia hartu dauela, ez bakarrik unibersidadearen jarduera akademikoan, baita Euskal Herriko urigintza, gizarte eta kultur mapan be: Ez da erraza eraikin batek hain denpora laburrean bereganatzea Bizkaia Aretoak Bilbon eta Euskal Herri osoan dauen izakera enblematikoa, sinbolikoa. Bizkaia Aretoak UPV/EHU identifiketan dau: unibersidadeko komunidade lez identifiketan gaitu. Bilboko erdigunean egoteak gizartearentzat ikusgarri egin eta aukerea be emon deusku euskal kulturearen eta artearen munduagaz hartu-emonak estutzeko. Eta hamar urte honeek harro-harro ospatzen ditugu egin dogunagatik, baita egiteko dagoan guztian jarritako itxaropenagaz be.
Arte eta biltzar jardueraz betetako hamarkadea
Ia 5.000 ekitaldi eta ia miloe erdi bisitari izan dira 10 urteotan. Bizkaia Aretoa BBK Fundazinoak euskal unibersidadeari egindako lagapena izan zan eta Álvaro Siza portugaldar arkitektoak eginiko diseinua dauka (arkitekturearen Nobel saritzat hartzen dan Pritzker sariaren 1992ko irabazlea).
UPV/EHUren paraninfoa Bilboko leku enblematikoenetako batean kokatuta dago, Abandoibarran, Guggenheim Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren artean eta Iberdrola Torrearen ondoan. UPV/EHUren paraninfoak lau auditorio ditu (Mitxelena, 440 lagunentzat; Baroja, 160 lagunentzat; Oteiza, 90 lagunentzat; eta Arriaga, 65 lagunentzat); lau erakusketa gune (Chillida, Axular, Etxepare eta Laboa, 500 metro koadrotik gora guztira); hainbat bilera gela; 400 metro koadroko hall-a; eta Mentxu Gal margolariari eskainitako 1.200 metro koadroko terrazea, lorategiagazrekin, Abandoibarra etorbidera begira.
Bizkaia Aretoan era guztietako ekitaldiak egiten dira: sozialak, kulturalak, akademikoak, zientifikoak, unibersidade arlokoak eta beste hainbat alorretakoak. Kalidade handiko azpiegitura eta prestazino modernoak eta arreta eta zerbitzu bikainak eskaintzen ditu, izan be, ikusle-entzuleak pozik urtetan dabe Bizkaia Aretoan atondutako ekitaldietatik, 4,5 puntutik gorakoa izanik beti balorazinoa 5 puntuko eskalan.
Hamar urteotan, 4.940 ekitaldi egin dira (kongresuak, mintegiak, bilera zientifikoak, ikuskizunak edo erakusketak). Eta denpora tarte horretan ia miloe erdi pertsonak (495.223) parte hartu dabe ekitaldi horreetan eta horrek espazio horren garrantzia zelakoa dan adierazoten dau. Nabarmentzekoa da ekitaldien bilakaerea eta asistentzia handituz joan dirala paraninfoa sortu zanetik. Bizkaia Aretoa, azken urteotan, Bizkaian kongresu gehien egiten diran azpiegitura bihurtu da eta, oro har, ekitaldiak atontzen dituan bigarrena.
Edozelan be, Bizkaia Aretoak pandemiaren eragina izan dau eta 2020an eta 2021ean nabarmen egin dau behera ekitaldien eta bertaratutako personen kopuruak. Baina ez jako ekitaldiak antolatzeari utzi, uneoro pertsonen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri guztiak hartuta. Alde horretatik, apustu sendoa egin da ekitaldien digitalizazioaren eta eskaintza bimodalaren alde (presentziala eta birtuala).
Etorkizunari begira, Bizkaia Aretoak erreferente izaten jarraitu gura dau ekitaldi akademiko eta sozialen antolakuntzan eta bere eskaintza eta zerbitzuak indartuko ditu UPV/EHUko komunidade akademikoari eta gizarte osoari begira.
Hamar urteko ibilbidearen ondoren, Euskal Herriko Unibersidadearen paraninfoa oinarrizko elementu bihurtu da EAEn biltzarrak atontzen dituan sarean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!