Durangoko Azokeak 990 nobedade izango ditu Landako gunean eta online dendan

Bizkaie! 2021-11-25 13:38   Kulturea

219 erakusmahai egongo dira Landakon, 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelako.

Bisitariek 990 nobedade izango ditue eskura aurtengo Durangoko Azokan, gaur Gerediagako eta Durangoko Azokako guneetako arduradunek, Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan atondutako prentsaurrekoan.

Gerediagako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak nabarmendu dauenez, gure helburu nagusia aurtengo Azokea segurua izatea da. Bisitari eta parte-hartzaile guztiak eroso sentidutea gura dugu, euskal kulturaz modu seguruan gozau eta danon osasuna lehenestea.

Hori dala eta, Eusko Jaurlaritzeak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da Durangoko Azokea. Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena emotea zemendiaren 29tik aurrera. Landako Gunean, 1200 bisitariko bost txanda sortuko dira egunero, ordu eta erdiko bisitea egin ahal izateko. Azokako espazio guztietan maskarea erabili beharko da beti eta ezin izango da jan eta edan. Izen-emoteak astelehenetik aurrera egin ahal izango dira durangokoazoka.eus webgunean (Azokako sare sozialetan iragarriko da erreserba-sistemea prest dagoanean.

Osasun-neurri guztiak zorrotz beteko ditugu eta gauza bera eskatu gura deutsegu kulturzale guztiei: arduraz eta erantzukizunez jokatzeko, bai Azoka barruan, baita Azokatik kanpo be Durangoko herrigunean.

Azokan eskura egongo dan kultur eskaintzeari jagokonez, aurten 990 kultur nobedade aurkeztuko dira: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelako. Gaztelurrutiaren eretxiz, urte gogorra eta konplikatua izan bada be euskal sortzaileentzat, badirudi uzta oparoa itxi deuskuela. Azokako katalogoa Durangoko Azokako webgunean konsultau daiteke.

Danetara, 165 parte-hartzaile izango ditu Durangoko Azokako 56. edizinoak: argitaletxeak, diskoetxeak, kultur alkarteak, erakundeak, banatzaileak eta horreetatik 17 autoproduktoreak izango dira, 10 Durangaldekoak eta 28 lehenengo aldiz stand bat jarriko dabenak: Jaubetzen gara Azokan erakusmahaia jarriko daben askok ahalegin handia egin behar izan dabela Durangora etorteko. Erakutsi daben jarrerea
txalotzekoa eta eskertzekoa da.

Durangoko Azokea abenduaren 3tik 8ra izango da aurten, baina aurreko egunetan hasiko da DA! PRO egitasmoa, sortzaileak eta kultur sektoreko profesionalak hartu-emonetan jarteko topagunea. Abenduaren 1etik 4ra arte, Durangoko espazio ezbardinetan, aurkezpen, mahai-inguru eta berbaldiak atonduko dira.

Horrezaz gan, osasun-egoereak baldintzatuta, aurten ezin izango da Ikasle Goiza modu presentzialean egin eta orren ordez, Durangoko Azokeak portaDA! erronkea martxan jarri dau Euskal Herriko ikastetxeentzat. Ikasleek euren sormena landu beharko dabe euskerazko disko eta liburu baten azala erabilita. Bertan parte hartzeko epea zemendiaren 30ean amaituko da.

Katalogoa hemen konsultau daiteke.
 
Egitaraua hemen konsultau daiteke. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu