Gaixoaldi baten oinarritu dau Goizalde Landabasok 'Krakovia'
2021-11-25 07:55 KultureaBilbotarraren lehenengo nobelea da.
Orain dala urte batzuk, gaixotasun baten ondorioz, ospitalera joan-etorri ugari egin behar izan zituan Goizalde Landabaso-Etcheverry idazle bilbotarrak. Denporeak emoten dauen perspektibatik, orduan bizitakoaz idatzi dau orain, bizipen negatibo haretatik gogoetarako zein umorerako tartea hartuta. Emoitzea nobela bat da, Krakovia, Erein argialetxeak kaleratua.
Nobelea dan ezkero, errealidadetik hartutako pasarteakaz batera istorio bat atondu dau Landabasok. Zelanbait, idazlea bera da liburuko protagonistea, baina beste pertsonaia baten identidadearen azpian gorde dau. Landabasoren edadea eta bizipenak dituan emakumea da istorioan ezagutuko doguna.
Poesia eta narrazinoak idatzi eta argitaratuak ditu Goizalde Landabasok, eta Krakovia be narrazinoen bilduma bat izatea pentsau eban hasikeran. Baina istorio laburrek hari nagusi bat eukela konturatu zan, eta hor nobela oso bat egiteko materiala egoala.
Hasikera eta amaieradun kontakizuna da Krakovia, denporeagaz batera aurrera egiten dauena, amaierara heltzean momentu hori hasikerea be izan ahal izala konturatuko garen arren. Ganera, nobeleak be badauka beste denpora edo alderdi lasaiago bat, ospitaleetako egonaldien ez-denporeagaz bat datorrena, ospitalean errealidadetik aparte egongo bagina lez.
Gaixoaldia eta ospitaleko joan-etorriak, berez, esperientzia negatiboa izan ziran arren, Landabasok jakin dau nobelan umorea sartzen. Pasarte asko dagoz umore baltzez zein agiriko txistez bustita. Bizitzeak ekarritako noraezaren barruan autoreak dauen arma bakarra da umorea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!