'Indarkeria matxistea alkartuta indarbakotuko dogu'

Bizkaie! 2021-11-25 09:07   Pil-pilean

5,5 miloe kupoik zabalduko dabe gatx sozial hori ezabatzeko beharraz kontzientzietako.

ONCEren zemendiaren 25eko kupoia Emakumearen kontrako Indarkeria Baztertzeko Nazinoarteko Egunari eskainita dago. 5,5 miloe kupoik zabalduko dabe gatx sozial hori ezabatzeko beharraz kontzientzietako.

Juan Carlos Anduezak eta Rafael Ledesmak, ONCE Euskadiko ordezkariak eta lurralde-presidenteak hurranez hurran, kupoia aurkeztu dabe Bilboko Lurralde Ordezkaritzan egindako ekitaldian, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak be parte hartu dauen saioan.

Indarkeria matxistearen biktima diran eta ezintasuna daben emakumeentzako gidea ezagutzera emon da, bai eta indarkeria matxistearen biktima diran eta ezintasuna daben emakumeei arretea emoten deutsen profesionalentzako gidea be. Gida hori Emakundek egin dau eta ONCE Euskadiko lurralde ordezkaria dan Julia JUnquerak parte hartu dau prozesuan. Era berean, ONCE Euskadiko Ordezkaritzako Ana Mª Andres Bardintasun Erreferentearen figura barria ezagutzera emon eta Bilboko afiliatua dan Claudia Iturregi eta ONCE Euskadiko eta Kantabriako zerbitzu buru dan Ana Davilak braillez eta tintaz irakurri dabe ONCE Gizarte Taldearen Manifestua, Emakumearen kontrako Indarkeria Baztertzeko Nazinoarteko Egunaren aurrean.

ONCE-k, urtero, 100 emakume baino gehiago hartzen ditu bere plantillan, ezintasuna izan edo ez, genero-indarkeriak jotakoak eta aukerea emoten deutse euren bizitzak modu duin eta osoan berrabiatzeko, enpleguaren bidez.

Fundazinoak ezintasuna daben eta genero-indarkeriaren biktima diran emakumeak sensibilizetako eta laneratzeko programak jorratzen ditu, esaterako, Emakumeak ON VG moduan, Europako Gizarte Funtsagaz batera finantziauta. Herrialde osoan 26 profesional dabiz 1.342 emakumeri laguntzen eta beste enpresa eta erakunde batzuek genero-indarkeriaren biktima diran 80 emakume kontratetea lortzen dau, emakume ekintzaileen 15 proiektu babesteaz gan.

Bestalde, Inserta Enpleguak 3.443 emakume ditu eskatzaileen poltsan eta ia 1.000 laneratze lortu ditu datu metatuetan.

Ilunion genero-indarkeriaren biktima diran emakumeen laneratzearen adibide bat da, 86 kontratazino baino gehiago izan baititu aurten eta erakunde aitzindaritzat hartu da, Genero Indarkeriaren Biktima diran Emakume Langileei Laguntzeko Gida bat dauelako.

Era berean, ONCEk arreta berezia jarten dau itsutasuna edo ikusmen-urritasun larria daben emakumeek sufriduten daben indarkerian eta gizarte-zerbitzuetako
profesionalei formazinoa emoten deutse arlo horretan. Era berean, biktimei emon beharreko arreta-baliabideen eta programen barri emoten deutse. ONCE Gizarte Taldean lan egiten daben personen % 58k ezintasuna dau eta, kasu batzuetan, ezintasun hori genero-indarkeriako egoerek eragin dabe.

2003an kasuak erregistretan hasi ziranetik hildako 1.118 emakumeak gogoratu eta omentzeko eguna da zemendiaren 25a; aitatu kopuru horri gehitu behar jakoz beste 44 edade txikiko, gurasoen edo amen bikotekideen edo bikotekide ohiek hildakoak.

Inndarkeria mueta horrek larritasun handiagoz eragiten deutse ezintasuna daben emakumeei, Bardintasun Ministerioak egindako Genero Indarkeriari buruzko Makroinkestearen arabera, izan be, ezintasunik ez daben emakumeek baino arrisku handiagoa dabe indarkeria fisikoa eta sexuala sufriduteko (% 20,7 eta % 13,8, hurranez hurran) eta indarkeria horrek ixten dituan ondorio psikologikoek be eragin handiagoa dabe ezintasuna daben emakumeen artean (% 77 eta % 69,4, hurranez hurran).

Horregaitik, ONCEk genero-indarkeriari aurre egiteko prebentzino, jagoletza eta laguntza-arauak zehaztu ditu (Bardintasun Planean dagoz) eta hainbat neurri bultzatzen ditu, besteak beste, gatx horren biktima diran langileen lanaldia murriztea, hareen lan-ordutegia egokitzea, lanera ez joateko hutsegite justifikatuak onartzea, lanpostua aldatzea, lekualdatzeak eta lanpostua gordeta kontratua etetea...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu