'Emakumeek zientzia egiten dabe' zikloaren azken saioa, eguenean
2021-11-24 12:57 KultureaArantza Aranburu eta Laura Damas izango dira protagonista Bilboko Bidebarrieta liburutegian.
Gai zientifikoen dibulgazinoan eta emakume zientzialarien autortzan laguntzeko antolatzen dau Bilboko Udalak Emakumeek zientzia egiten dabe zikloa, Bidebarrieta Kulturgunean. Aurtengo zikloko azken hitzordua eguenean, hilak 25, izango da, 19:00etan. Las rocas de Bilbao cuentan su(s) historia(s) izenburuko saioan, Arantza Aranburu Artanoren eta Laura Damas Mollaren berbaldia entzun ahal izango da.
EHUko Geologia Saileko kideak dira biak. Aranburu irakasle titularra da eta Damas, doktoratu osteko ikertzailea. Prozesu Hidriko/Ingurumenekoen Ikertaldean dabiz.
Botadun eta batadun zientzialariak dira Aranburu eta Damas, hau da, landa-lana eta laborategikoa buztartzen ditue. Bilboko hatxek kontetan deuskuen historia eta gordeten dituen sekretuak publikoari azaltzeko persona aproposak dira, zientzia arloan daben eskarmentu zabalari esker. Alde Zaharrean hasi, Zabalgunetik pasau eta Begoña be kontuan izango dabe euren berbaldian.
Begoñan, hain zuzen be, hango hilerriaren memoria historikoa berreskuratzeko Begoñako Argia proiektuan parte hartzen dabiz biak, Aranzadi Zientzia Alkartearen gidaritzapean. Bertan egiten dabizan lana gizarteratzeko, panelak ipini ditue kanposantuan eta berbaldiak emoten dabiz Bidebarrietan.
Egueneko saiora sartzea doban da. Ganera, streaming bidez emongo dabe, zuzenean, interesa daben guztiek interneten ikusi ahal izan deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!