Kulturarteko Urien Sarearen X. urteurrena ospatu dau Bilbok
2021-11-24 08:36 KultureaMunduko 150 uri baino gehiago dagoz erakundean.
Kulturarteko ikuspegia daben politika publikoak bultzatzeko konpromisoa daben uriak eta lurraldeak batzen ditu Kulturarteko Urien Sareak, eta hamar urte bete dituala gogoratu dau Bilboko Udalak, Itsasmuseumen egindako ekitaldian. Izan be, Bizkaiko uriburua erakunde horren parte da.
Juan Mari Aburto buru izan dauen ekitaldia, urteurrenagaz lotutako hitzorduetatik azkena izan da. Egun biko egitaraua atondu dabe Bilbon eta, besteak beste, hamar urteotako balantzea egin dabe, baita aurrera begirako erronkak aztertu be. Kulturarteko Urien Sarearen Espainiako adarrari jagokon urteroko batzarra hartu dau Itsasmuseumek, Itziar Urtasun zinegotzia buru.
Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko ordezkariak egon dira batzarrean, baita Valentzia, Sabadell, Cartagena, Bartzelona, Tenerife, Getafe, Logroño, Salt eta Zaragozakoak be. Urian gizarte-lanean dabizan alkarteak eta etorkinei laguntzen deutsenak be konbidau ditue ekitaldira.
Urteurreneko ospakizunen amaierako ekitaldian, Juan Mari Aburto alkateak Bilbon azken urteotan gero eta nabarmenagoa dan aniztasuna gogoan hartu dau: beste jatorri, heziketa, kultura-jarduera, hizkuntza eta ezaguerak dituen personen mobikortasuna areagotu izanaren ondorioa da eta hori sekulakoa da, aukera ekonomiko, sozial eta kultural barriak sortzen ditualako.
Alkateak ganeratu dau Bilbo uri abegikor, inklusibo eta askotarikoa dala, Udalak aniztasuna autortu eta errespetau, eta herritar guztien bizi-kalidadea eta ondoizatea lehenestearen aldeko apustua egin dau.
Gaur egun, Kulturarteko Urien Sarean Europa osoko 150 uri eta eskualde inguru dagoz, baita beste kontinente batzuetakoak be, adibidez, Maroko, Japonia, Australia eta Kanadakoak. Europar Kontseiluak Intercultural Cities programearen bidez sarea sortu ebanetik kide da Bilbo, 2011tik.
Sarean parte hartzen daben udalek kulturartekotasuna alkarlanean lantzeko jarduerak martxan jarri ditue, esperientziak eta estrategiak konpartiduteko asmoz. Ganera, Kulturarteko Urien Indizea dalakoa daukie, 70 galdera eta 14 adierazleren bidez kulturarteko politiken eraginkortasuna neurtzen dauen tresnea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!