Durangoko Azokea Eusko Jaurlaritzeak ezarritako osasun-neurrietara egokituko da
2021-11-23 12:06 KultureaKulturearen alde egitea eta osasun neurriak betetea gauza bera dira.
Gerediaga Alkarteak eta Durangoko Udalak adierazo dabenez, bisitari eta kulturazale guztien segurtasuna bermatzea izango da Azokearen lehentasun nagusia eta, horretarako, osasun-neurriak indartuko ditue 56. edizinoari begira. Barritasun nagusia Landako Gunean eta Plateruenan atonduko diran Ahotseneako kontzertuetan egongo da. Bai Landako Gunera zein Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena emotea, Azokako webgunean sortuko dan erreserba sistema baten bidez. Holan, Landako Gunean 1.200 bisitari egon ahal izango dira aldi berean erakusmahaiak bisitetan, ordu eta erdiko tartean, bisita segurua eta erosoa izateko. Tarte hori amaitzerakoan, hustu egingo da Landakogunea hurrengo txandakoei lekua egiteko. Egunero, beraz, bost txanda egongo dira Landako Gunera sartzeko, 10:00etatik 20:00ak arte. Eta erreserbea beharko da sartzeko.
Plateruenaren kasuan be erreserba-sistemea jarriko da martxan Ahotseneako kontzertuetara joan ahal izateko. Abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu atondu ditu Azokeak Plateruenako eszenatokian. Musikazaleek aldez aurretik izena emon beharko dabe zuzenekoez gozau ahal izateko, www.durangokoazoka.eus webgunean martxan jarriko dan erreserba sistema baten bidez. Plateruenan ez da ostalaritza zerbitzurik egongo eta ezin izango da ezelako edari edo jatekorik konsumidu, ezta Landako Gunean be eta Landako Gunean bezela, derrigorrezkoa izango da maskarea erabiltea beti.
Durangoko Azokeak eta Durangoko Udalak, beraz, osasun-neurriak indartuko ditue bisitari eta herritar guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko asmoz. Durangora hurreratuko diran bisitari guztiei be arduraz jokatzeko deia egin deutse: Euskal kulturearen plazea bizirik eusteko ezinbestekoa da danon babesa eta konpromisoa. Konpromiso horren barruan, osasun-neurriak zorroztasunez betetea eskatu nahi deutsuegu. Arduraz jokatu behar dogu, kulturaz gozetan jarraitu behar dogu segurtasunez eta erantzukizunez. Igaz Azokako taupadea bizirik egon zan eta aurten be Azokea izatea nahi badogu, ezinbestekoa da danok arduraz jokatzea eta osasun-neurri guztiak betetea. Eta txanda-sistema honek emoten dauen segurtasuna bermatuz, kulturzaleak animau nahi ditugu Landakon sartzeko hitzorduak hartu deiezan.
Esangura horretan, Durangoko Udalak eta Gerediaga Alkarteak dei egiten deutse Durangora hurreratuko diran kulturzale guztiei Azokako guneetatik kanpo be arduraz jokatuz, osasun neurri guztiak errespetau deiezan, batez be aisialdirako guneetan: Durangoko Azokeak herri guztia barrubatzen dau eta Durangoko
kaleetan be nahitaezkoa da segurtasun neurriak betetea, guztion hobebeharrez.
Aurrez aurreko Azokea abenduaren 4tik 8ra izango da. Landako Gunean 220 erakusmahai egongo dira eta hainbat kultur ekitaldi atonduko dira Durangon. Guztietan osasun-neurriak betetea ezinbestekoa izango da: maskarea erabiltea zein personen arteko distantzia mantentzea. Horrezaz gan, abenduaren 3tik 7ra, online dendea martxan jarriko da www.durangokoazoka.eus webgunean eta Azokako hainbat ekitaldi streaming bidez jarraitu ahalko dira zuzenean. Durangoko Azokeak, beraz, alde presentziala eta digitala buztartuko ditu aurten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!