Jantza Saridun Nazionala eta show ibilgarria XXII. Jantzaldiaren amaieran
2021-11-23 08:19 KultureaBilboko XXII. Nazinoarteko Jantza Jaialdiak sarrera guztiak saldu ditu bost saioetatik hirutan.
2021eko Jantzaldia azken proposamen bigaz amaituko da:
La desnudez (Daniel Abreu)
Lehenengoa zemendiaren 25ean izango da Azkuna Zentroko auditoriumean. Daniel Abreuren konpainiak La desnudez lan saritua interpretauko dau lehenengoz Bizkaian. Abreuren konpainia Espainiako nabarmenenetako bat da, haren hirurogei muntaketa-lanei esker. Abreuk Espainiako Jantza Sari Nazionala irabazi eban 2014an sorkuntza-modalidadean eta berak zuzendua, koreografiatua eta interpretatua da ikuskizuna. Erantzun bikaina izan eban 2018ko MAX sarietan (jantza-ikuskizunik onena, koreografiarik onena eta gizonezko jantza-interpreterik onena) eta, nazinoartean bira handia egin dauen arren, orain arte aurkeztu barik egoan Bizkaian. "La desnudez" (metaforikoa zein literala) proponidutako poetika bat da eta hor bikote batek aurkezten dau zer dan alkar maitatzea eta galderarik behar ez dauen intimidade bat lortzea. Abreuk Dácil González izango dau lagun agertokian, Espainiako Jantza Sari Nazionala eskuratu ebanak 2019an interpretazinoko modalidadean. Hugo Portas musikariak zuzenean interpretautako soinu-tarteak izango ditue. "La desnudez" garaikidetasunaren, kalidadearen eta publikoaren erantzun bikainaren arteko oreka perfektuaren adibide bat gehiago da, Abreuk bere lanakaz ondo lortzen dauena.
Dança sem vergonha (David Marques)
Astebete geroago, abenduaren 4an eta 5ean, 2021eko Jantzaldiak oihala behin betiko bajauko dau La Fundición aretoan (jaialdiaren programatzailea). David Marques portugaldarra eta haren "Dança sem vergonha" lanagaz izango da. Ohiko jantza-muntaia baino gehiago, show ibilgarria, izan be, ikus-entzuleak, zutunik eta protagonisteari jarraituz, antzokian barrena ibiliko dira, jantzariaren etxe eta estudio ez eze diskoteka be bihurtuko baita. Ikus-entzulea inguratzen dauen kultu-instalazino honek Marques beraren errepaso biografiko original bat planteetan dau, jantzari eta koreografoak bere egunerokotasunean entzuten dauen musikea zuzenean jarriko dauen DJ bategaz batera. Proposamenaren idiosinkrasia berezia dala eta, txikia izango da edukierea oraingoan. Jantzaldiak Marques gonbidatu dau “Al outro lado” nazinoarteko mobikortasun artistikoaren programearen barruan (Nacho Montero euskaldunak Portugalen behar egiteko aukerea izan dau, izan be, kultura-trukea sustatzea eta euskal eszena nazinoartean zabaltzea da jaialdiaren helburuetako bat.
Bilboko Nazinoarteko Jantza Jaialdiaren XXII. edizinoa irailaren 23an inaugurau eben eta aurretik bost ikuskizun programau ditu, horreetatik hirutan, sarrera guztiak saldu ditue: Altraste Janza arabarrak (irailak 23, La Fundición), Zabalgune eraikinean publiko guztientzat pentsautako pieza laburren hitzordua (urriak 29) eta hainbat sari eskuratu dituan Jesús Carmonaren ikuskizun barria ("Baile de bestias"), Guggenheim museoan izan baitzan zemendiaren 13an. 2021eko Jantzaldi honetan, hogei urte inguruko ibilbidean parte hartu daben sortzaileek lortutako errekonozimendu handiak ospatu nahi izan dira eta, hori dala eta, programazinoaren barruan izan dira Espainiako Jantza Sari Nazionalen bost irabazle, aurreko urteetan promesa lez aurkeztu ziranak. Esangura horretan, izar sendoak izan ditugu gurean Iratxe Ansa gipuzkoarra, La Intrusa gasteiztarrak eta aitatutako Carmona, Abreu eta González.
La desnudez ikuskizunerako sarrerak (zemendiaren 25a, 19:00retan, Azkuna Zentroko auditoriuma) salgai dagoz zentroko leihatilan eta webgunean bertan (12 € AZ txartelegaz eta 15 € publikoarentzat, oro har). Dança sem vergonha (abenduak 4 eta 5, 19:00retan; La Fundición) aretoko leihatilan (14 €) eta Kutxabank sarean eros daitekez (7 € eta 14 €). Kasu bietan, Bilboko Udalak uriaren susperraldiari laguntzeko abiarazotako Kultura Bonua erabili daiteke, % 50eko deskontua lortu ahalko baita. Zehetasun guztiak, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!