2022ko GetxoPhoto bagilean izango da
2021-11-22 13:25 KultureaImajinatu izango da 16. edizinoan jorratuko dan gaia.
Mundu osoko artista bisualei euren lana (erretratua, bideoa, instalazinoa, performance, zein arte digital edo ikusizko beste edozein lan) Jaialdiaren hurrengo edizinoan erakusteko aukerea dabe. Izena emoteko epea zabalik dago zemendiaren 22tik 2022ko urtarrilaren 10era arte.
2022ko goiburuari jagokonez, ezinezkoa emoten dauen arren, beste etorkizun batzuk imajinetea ezinbestekoa da krisialdiotan eta GetxoPhotoren 16. edizioak irudimenak biziteari esangurea emoteko orduan dauen rola aztertuko dau. Zelan jokatzen dau irudimenak joana, oraina eta etorkizuna irakurteko orduan? Zer beste modutan funtzionau leike? Zein da ariketa horretan ikusizko narrazinoek beteten daben zeregina? Errealidadea ulertzeko modu alternatiboak zabaltzeko, zer beste irudi eta irudimen mueta jorratu daitekez?
Mundua ulertzeko ezinbestekoak dira irudiak. Argazkigintzea erabagigarria izan da zer ikusi eta zer gogoratu erabagiteko orduan, zer baztertu edota zer ezkutatu. Aldi berean, ikusizkoaren betiko egintza eta efektua da fikzinoa, existiduten danaz harago dagoana igarteko aukerea emoten dauelarik. Azken urteotan, garapen teknologikoari esker, irudiak, irudikatzeaz gan, informazinoa denpora errealean aurkeztu, komunikau eta osotzeko kapaz izan dira. Irudimenak irudiaren funtzinoak erabilten ditu, batetik, fantasiazkoa dana deskribiduteko eta, bestetik, falta dana berreskuratzeko; azkenik, ziurbakotasuna gainditzeko eta ertzetan geratzen dana birkokatzeko.
Bien bitartean, MAPS / LOB (Lagunik Onenak Betiko) topaketara joan ziran hainbat eskolatako 40 ikasleen artean, Madrilgo EFTI eskolako Cristóbal Ascensio Ramos aukeratua izan da bere lana Jaialdiaren hurrengo edizinoan erakusteko.
Barrikuntza nagusia, barriz, udagoienetik udara datorrela Nazinoarteko Irudi Jaialdia: 15 urtez udagoienaren atarian, irailean ospatu ondoren, Getxophoto 2022 bagilean izango da (2tik 26ra).
Jon Uriarte –The Photographers’ Galleryko komisario digitala (Erresuma Batua)–, Marina Paulenka –komisario independentea (Kroazia)–, Thyago Nogueira –Moreira Salles Institutuko Argazki burua (Brasil)– eta Damarice Amaok –Centre Pompidouko komisarioa (Frantzia)– osotuko dabe epaimahaia eta 12 proiektu finalistak eta 3 irabazleak aukeratuko ditue. Azken hiru horreek Jaialdiaren hurrengo edizinoaren programazinoaren parte izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!