Indarkeria matxistea sufriduten daben 60 urtetik gorako emakumeak omenduko ditue Bilbon

Bizkaie! 2021-11-22 12:46   Pil-pilean

Zuen historia, gurea jarduerea abenduaren 2an izango da Berreginen Museoan.

Datorren eguenean, zemendiaren 25, Emakumeakanako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren harian, Bilboko Udalbatzarraren ohiko bilkuran, EUDELen adierazpena irakurriko da indarkeria matxistea aho batez gaitzesteko. Gainera, gomuta-ekitaldi horren barruan, Bilboko Udalak performance bat atondu dau, Zuen historia, gurea goiburupean, publikoak indarkeria matxistea sufridu daben edadeko emakumeen lekukotzak entzun daizan. Antzezlan hau Sra. Polaroiska arte-kolektiboak zuzendu dau (Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe) eta abenduaren 2an izango da, eguenean, 18:00etan hasita, Bilboko Berreginen Museoan. Ekitaldia ikusi ahal izateko, izena emon behar da abenduaren 1a baino lehen, wegunean, 94 420 48 38 telefonoan, edo e-mail bidez (berdintasuna@bilbao.eus), helbidera mezua bialduta.

Ekimen honen bidez, Udalak salatu egiten dau edadeko emakume askok bizi daben egoerea, era askotako bazterketea, edadeko emakumea izateagaitik. Egoera horretan, Nekane Alonso Bardintasun Saileko zinegotziak adierazo dauenez: "ezagutzera emon gura dugu 60 urte baino gehiagoko emakumeek sufriduten daben indarkeria matxistea, izan be, emakume horreek be badira edo izan dira genero-indarkeriaren biktima". Egunean-egunean, edade eta maila sozial guztietako emakumeek sufriduten ditue sexu-abusua, fisikoa, ekonomikoa, soziala eta psikologikoa eta hori dala-eta, Nekane Alonsok ondokoa nabarmendu dau: "Emakumea izatea, dakigunez, indarkeria sufriduteko arrisku handiko faktore bat da. Baina, horrezaz gan, horreetako asko 65 urte baino gehiagokoak dira eta ekonomia-baliabide urrikoak, senarraren edo beste batzuen menpean egoten dira, indarkeriaren arriskupean bizi dira, arazo hori normalizau eta ezin ikusizko bihurtzen danean.

2019tik, Bilboko Udalaren Bardintasun Sailak proiektu bati esker, bikotearen edo bikote izandakoaren aldetik indarkeria sufridu daben 60 urte baino gehiagoko bilbotar emakumeentzako, arazoa antzemon, jaramon egin eta esku hartzeko. Lan honetan, edadeko emakumeen egoerea aztertu eta egoera larria bizi daben emakumeen kasuak baloretan dira, neurriak eta esku hartzeak zehazteko.

Bilbo kolore morez jantzita

Gaurtik aurrera, Bilbok kolore morea jantziko dau puntu morearen sinboloa ipinita Udalaren hainbat egoitzatan, udaltegietan, ikastetxeetan, osasun zentroetan, liburutegietan, kiroldegietan, alkarteetan zein unibersidadeetan.

Era berean, Udalak eskatzen deutse herritarrei parte hartu deiela eta salatu deiela indarkeria matxistea; horretarako, txapa morea ipinteko eskatzen deutse, indarkeria honen modu eta maila guztiak salatzen diralako jarrerea irudikatzen dauen sinboloa, egin-eginean.

Eguen horretan bertan, Udaletxea argiztatu egingo da kolore horregaz, Bilboren jarrerea erakusteko, emakumeakanako indarkeriaren kontra dagoala adierazoteko.

Indarkeria matxistearen kontrako udal zerbitzuak:

- Udaltzaingoa: 092.

- Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua – GLUZ: 94 470 14 60.

- Hitzordua eskatu 944204838 telefonoan edo berdintasuna@bilbao.eus helbide elektronikoan.

Informazino eta orientazino espezializatua.

Laguntzino soziala.

Laguntzino psikologikoa.

Aholkularitza juridikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu