Ondareari genero-ikuspegia emoteko ekimena martxan
2021-11-19 10:21 KultureaGai horren inguruko Liburu Zuria plazaratu dabe.
Bizkaiko Foru Aldundia Europa osoa aintzat hartzen dauen Women's Legacy edo Emakumeen emaria izeneko egitasmoaren bultzatzaile nagusietako bat bihurtu da, ondare kulturala interpretetako orduan emakumeen ekarpena eta ikuspegia be kontuan hartzeko asmoz. Ekintza ugari antolatzen dira egitasmoaren barruan, modu integralean jorratzeko gaur egungo egoerearen azterketea eta prestakuntzea.
Ondare kulturalean genero-ikuspegia sartzearen inguruko Liburu Zuria atontzen eta argitaratzen modu aktiboan hartu dau parte Foru Aldundiak. Eslovenia, Frantzia, Valentzia eta Ingalaterrako eragileek be hartu dabe parte zeregin horretan. Bakotxak bere lurraldeko esperientziak batu ditu, eta lehentasunezko lau ardatz definidu ditue: ikerketea, profesionalizazinoa, hezkuntzea eta komunikazinoa.
Liburu Zuria Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok eta Europako Kontseiluko EHD programako Asya Salnikovak aurkeztu dabe. Espero dogu Liburu Zuriak emakumeen kultura-ondarea Europa osoan sustatzeko balioko dauela, adierazo dau Salnikovak.
Lorea Bilbaok azaldu dauenez, ibilbide luzearen ondorioa da Liburu Zuria, etorkizunari begira dagoana. Emakumeek kultura-ondareari egiten deutsezen ekarpenak ikusiarazoteko beharrezkoak diran estrategiak diseinau nahi doguz, eta ondarearen interpretazinorako tresna barriak sortzeko oinarriak ezarri, genero-ikuspegia txertatuz. Zalantza barik, beste pausu bat da bardintasuna lortzeko bidean.
Liburu Zuria lau kapitulu edo bloketan antolatzen da, dokumentua egiteko erabilitako metodologiatik, oinarrizko terminoen definizinotik, generoaren araberako interpretazinoari heltzen jakonean egiten diran akatsetatik eta ardatz estrategikoetatik eta lehentasunezko arloetatik hasita.
Eranskin bat be badau, jardunbide egokien adibideak batzen dituana. Museoetan, administrazinoan, erakunde eta kolektiboetan, gizarte-aktibismoan, boluntariotzan eta militantzia feministan topautako adibideak dira.
Liburu Zuriaz gan, Emakumeen emaria proiektuagaz lotutako ekimen gehiagotan parte hartuko dauela aurreratu dau Foru Aldundiak. Zemendiaren 22an prestakuntza-ikastaroa hasiko da EHUgaz alkarlanean, kulturearen sektoreko profesionalentzat. Zezeilera bitartean, hainbat saio egingo ditue Bilboko Bizkaia Aretoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!