Musikenek 20 urte
2021-11-19 08:25 MusikeaIkastegiak Carmelo Bernaola konpositoreari eskainitako CD bat argitaratu dau.
2001eko zemendiaren 6an hasi ziran eskolak Miramar Jauregian eta urte honeetan zehar nazinoartean erreferentzia bihurtu da. Gaur egun, Gipuzkoako unibersidade campusaren ondoan dauen eraikinean, zeregin akademiko emonkorra eta auditoriumean programazino garrantzitsua batzen ditu, euskal gizarte osoari edegitako ehun ekitaldi baino gehiagogaz.
20. urtebetetzea dala eta, Musikenek, egun 400 ikasletik gora eta 168 irakasle dituanak, Gradu, Master eta Graduondoko ikasketa ofizialakaz, ikasturte honetan euskal musika ondarearen berreskuratzean eta zabaltzean dauen presentzia indartuko dau, ikerketeari be arreta berezia eskainiz: Gure hezkuntza eskaintzearen kalidadeak hogei urteotan nazinoarteko ikasle eta irakasleak erakarri ditu eta gaur egun musikearen hainbat arlotan zeregin nabarmenak beteten dituen profesionalak trebatu ditu, dino Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak.
Urteurrena ospatzeko, Musikenek kontzertu bereziak egingo ditu 2021-22 ikasturtean. Orkestra ikasketen programazinoaren barruan, aitatzekoak dira Musikene Orkestra Sinfonikoak zemendian, zezeilean eta maiatzean egingo dituan hiru topaketak. Datorren astebugoienean, 21ean eta 22an, Santa Zezilia egunean,
Musikene Orkestra Sinfonikoak kontzertu bi emongo ditu Donostiako Orfeoiagaz eta José Antonio Sainz Alfaro zuzendari lanetan dala, Dvoraken Stabat Mater interpretauko dau. Kontzertuak Bilboko Arriaga antzokian eta Donostiako Victoria Eugenian egingo dira, hurranez hurran. 20. urteurrenaren ekitaldi nagusia zezeileko topaketan egingo da eta oso berezia izango da, Korean bizi dan Unai Urrecho euskal maisuaren zuzendaritzapean diseinau baita egitaraua, urteurrena ospatzen daben euskal konpositoreen musikea batzen dauena (Guridi, Sorozabal, Escudero eta Madina).
Azkenik, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren titular dan Erik Nielsen izango da zuzendari maiatzaren 14ko kontzertu8an. Iñargaren eretxiz, kontzertu honek eta zemendikoek indartu egiten dabe ikastegiak gure herrialdeko kultura erakundeakaz alkarlanean ibilteko dauen jarrerea eta horregaitik ditugu lankidetza hitzarmen ugari, gero eta gehiago. Amaitzeko, Orkestra Sinfonikoaren kontzertu horreei Bandeak eta Sinfoniettak egingo dituenak gehitzen jakez. Sinfoniettak abenduan Bilboko Guggenheim Museoan emongo dau kontzertua, TopARTE ekimenaren barruan.
Musikeneko talde handien kontzertuek ospakizun garrantzitsua izango dabe Jazzean be. Miren Iñargak adierazo dauenez, Perico Sambeat handia eta Leioako San Juan Bautista abesbatza izango ditugu, azken hori Basilio Astúlez gure irakasleak zuzendua, zuzenean jatorrizko bersinoan (korua eta big band) oso gitxitan entzuten dan obra zoragarri bat eskainiz, Duke Ellingtonen Concierto Sacro, hain zuzen be. Kontzertu bi egingo dira: lehenengoa Tolosako Leidor aretoan maiatzaren 13an eta bigarrena Gasteizko Jesús Guridi konserbatorioan maiatzaren 15ean.
Ikasturte honetan zehar Big Bandeak nazinoarteko artistek zuzendutako beste hiru kontzertu be emongo ditu, Ilja Reingoud eta Bernard van Rossum, zemendiaren 26 eta zezeilaren 18koak Musikenen izango dira eta zezeilaren 19koa, barriz, Baionako Theatre Michel Portal aretoan, Iparraldeko Haizebegi jaialdiagaz alkarlanean.
Miren Iñargak nabarmendu dauenez, Musikenek 20. urteurrenaren inguruan sendotuko dauen beste arlo bat euskal musika ondarearen zabalkundea da, gure musika eta musikariak gizarteari ezagutzera emoteko jarrereari eutsiz, Carmelo Bernaolaren musikeari osotasunean eskainitako diskoa argitaratu dogu. CDak Musikeneko irakasle eta maisu arabarraren ikasle izan dan Zuriñe F. Gerenabarrenak haren omenez sortutako obra bat jasoten dau. Gainera, joan dan urrian Gure sortzaileak gogoan – Gure konpositoreen legatua izeneko zikloari ekin jakon.
Nazinoarteko erreferentzia
Adolfo Morais Unibersidade eta Ikerketako sailburuordeak Musikenek 20 urte honeetan egindako lan garrantzitsua nabarmendu dau: Eusko Jaurlaritzeak orain hamarkada bi gogor egin eban hezkuntza-proiektu honen alde, eta emoitzak begi-bistakoak dira. Denpora honetan guztian, Musikenek 1.263 profesional trebatu ditu eta, kasu askotan, euren arlo profesionala Euskadin jorratzea erabagi dabe, gure musika-hezitzaileen sarean eta gure orkestretan, azaldu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!