Bilboko metroaren diseinu berezia erakusketa baten batu dabe
2021-11-19 08:25 KultureaAbandoko geltokian panel handiak ipini ditue.
Gauza jakina da Bilboko metroa, garraiobidea izateaz gan, arkitekturearen eta diseinuaren aldetik barritzailea eta apurtzailea izan zala 1995ean, inaugurau eben urtean. Horregaitik, MetroBilbao eta Bilboko Arte Eder Museoa lankidetzan dabiz ondare artistiko hori gizarteratzeko. Igaz, Otl Aicher diseinatzaileak metrorako egindako identidade grafikoa jorratu eben eta oraingo honetan bidaiariak egunero topetan dituan elementu esanguratsuenetan ipini dabe arretea.
Sarbideak (fosteritoak), geltokien egiturea, argiztapena, altzariak, kolore korporatiboak eta trenak eurak aitagarriak dira diseinuaren ikuspegitik. Norman Foster arkitektoak eta izen handiko beste sortzaile batzuek hartu eben parte metroaren ikur bihurtu diran elementuok diseinetan. Argazki, deskribapen eta bestelako elementu grafiko batzuen bidez emoten dira horreen ganeko azalpenak erakusketan.
Momentu honetan, Abandoko geltokiko korridoreetan ikusi leiteke Metro baterako diseinuak izeneko erakusketea. Ondoren, metroaren sareko beste geltoki batzuetako hormetan ipiniko dabe. Gillermo Zuaznabar komisarioaren esanetan, Bilboko metroa aparteko lana da eskemearen argitasunagaitik, obren sendotasunagaitik eta akaberen kalidadeagaitik.
Erakusketeagaz batera, katalogo elebiduna be plazaratu dabe, euskeraz eta gaztelaniaz, Zuaznabar bera egile nagusi dala. 120 orrialdeko argitalpenean, metroaren azpiegiturea eta identidadea osotzen daben elementuen informazino zehatza topauko dau irakurleak, baita berau gauzatzen lan egin eben arkitekto, enpresa eta profesionalen zerrendea be.
Katalogoan, ganera, material grafiko aberatsa dago, tartean koloretako 66 argazki, José Luis López Zubiriak argitalpenerako eginak, baita Aitor Ortizek 1995ean egindako beste dozena bat be. Uria goitik behera eraldatu eban lan baten azterketa formal eta estetikoa egitea izan da katalogoa argitaratzearen arrazoi nagusia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!