Zemendiko azken zapatuan egingo dabe Fair Saturday

Bizkaie! 2021-11-18 12:31   Kulturea

Kulturea eta alkartasuna buztartzea da ekimenaren asmoa.

En Tol Sarmiento izango da egitarauko protagonistetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Igaz, pandemiaren erruz, online izan zan Fair Saturday ekitaldi solidario handia, baina aurten aurrez aurrekora bueltauko da. Zemendiko azken zapatuan, 27an, egingo dabe Bilbon, Bizkaian eta mundu guztiko beste txoko ugaritan. Kontzertuak, erakustaldiak, antzerkia, irakurraldiak... Egitarau oparoa atondu dabe, ehundazak artistaren ahaleginari esker.

Fair Saturday Fundazinoaren helburua kulturearen bidez alkartasunezko baloreak bultzatzea da; hain zuzen be horregaitik, Black Friday dalakoaren biharamunean egiten da. Zentzunik bako konsumismoaren eta jokera materialistearen kontrako antidoto eraginkorrenetako bat kulturea da; hezkuntzeari eta kultureari zenbat eta balio eta espazio handiagoa emon, orduan eta gaitasun handiagoa izango dogu bizimodu arduratsuagoak eta iraunkorragoak aukeratzeko, dinoe fundazinoko kideek.

Helburu hori gogoan, 2015etik dabil Fair Saturday Fundazinoa kulturearen eta enpatia sozialaren inguruan beharrean dabil. Fair Saturday jaialdia da ahalegin horren erakusgarri nagusia: ekitaldi parte-hartzaile horretan bat egiten dabe kulturgileek, euren aukerako kausa sozial baten alde eginez. Kultureak balioa sortzen dau eta balio hori gizarteak autortu behar dau sarreren edo dohaintzen bidez; ondoren, artista eta erakunde bakotxak zati bat gizarte-helburuetarako erabiliko dau.

Bilbon jaio zan Fair Saturday, baina mundu osora zabaltzen doa urterik urte. Aurten, Bilbon eta Bizkaian ez eze, Eskozian, Lisboan, Huelvan eta, lehenengo aldiz, Errioxan egingo dira ekitaldiak. 300 bat saio dagoz egitarauan.

Fair Saturdayren bezperan, hilaren 26an, aurtengo edizinoaren Inaugurazino Ekitaldia egingo dabe Bilbon, 20:00etan Bilbao Arena pabilioian. Jai parte-hartzaile eta komunitario horretan, artista ugari pasauko dira oholtzatik, Bilboko Orkestra Sinfonikoa ardatz dala. Bizkai osoko abesbatzak, jantza taldeak eta ikastetxeetako taldeak konbidau ditue, baita musikagile ezagunak be, esate baterako, Mäbu, Idoia eta En Tol Sarmiento. 

Antolatzaileek azaldu dabenez, Inaugurazino Ekitaldian emozino positiboak konpartiduko dira musikearen bidez, eten bako sorpresakaz, ordu bi baino gehiagoko ikuskizuna beteteko. 

Zapatuan bertan, Fair Saturday egunean, Bilbo eta Bizkaiko leku ugaritan egongo dira ekitaldiak. Aitatzekoa da Metro Akustikoaren lehenengo edizinoa: Bilboko metroko hainbat geltokitan kontzertu akustiko txikiak egingo ditue, baita berbaldiak be. 

Ikusi egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu