Bilboko Berreginen Museoak 15. urteurrena ospatuko dau

Bizkaie! 2021-11-18 11:01   Kulturea

Bildumako hainbat piezari kolorea emongo deutsen argi-ikuskizuna iragarri dabe.

Bilboko Berreginen Museoak 15 urte bete ditu egunotan. Hiru bosturteko igaro dira 2006ko zemendiaren 21ean Bizkaiko erakundeak ateak edegi zituanetik Mariaren Bihotzaren Eleiza zaharrean, hango patronatuko kideei, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bilboko Udalari esker. Dana dala, Museoak historia zabalagoa dau, Bizkaiko uriburuko zaharrenetakoa baita, izan be, 1927an, Manuel Ramírez Escudero jaunak museoa sortzeko mozinoa aurkeztu ebanetik bost urtez hainbat gorabehera bizi izan ondoren, erakunde horren lehenengo Patronatu Batzordea eratu zan.

Momentu haretan, Museoak artean ez eban bildumarik; hurrengo urteetan batu eban bildumea, Berreginen Museo Nazionalaren katalogoa erabiliz. Patronatu Batzordea Europako museo garrantzitsuenen erreprodukzino-lantegiakaz hartu-emonetan jarri zan, gaur egun generoko bilduma onenetako bat dana eskuratzeko. Berreginen Museoak hiru egoitza izan ditu urte honeetan, guztiak aurretik beste zeozertarako erabilten ziran eraikinetan, gero museo bihurtutakoetan: Berastegiko Eskolak, San Frantziskoko Eskolak eta Mariaren Bihotzaren Eleizea, estilo neogotikokoa eta azken 15 urteotako egoitzea.

Orain, urteurrena ospatzeko, Bizkaiko erakundeak ekitaldi berezia atondu dau eta Kandelen argipean ospakizuna, aurten, Fokuen argipean bihurtuko da, Diskomania aldi baterako erakusketeak lagunduta. Erakusketa horrek Jose Madrid Santurtun erretratugilearen 25 erretratu ditu eta euskal kulturako hainbat irudi, jatorri askotakoak, ikus daitekez, guztiak musikeagaz eta disko ezagunakaz lotutakoak.

Horregatik guztiagaitik, Fokuen argipean esperientzian argia eta musikea buztartuko dira zapatuan, hilaren 20an. Museoaren ikonoak, Samotraziako Garaipenak, 0 pisuko argiztapen berezia protagonista izango dauen ibilbidea edegi eta aldi baterako erakusketako protagonisten antzeko erretratuak egiteko aukerea be izango da. Horretarako, lehenengo pisuan, Jose Madrid Santurtunek “Diskomania” erakusketako erretratu-saioak egiteko Museoan jarri eban estudio txikia berregin da eta erakusketako protagonistek bezela, bisitariek be disko baten azalagaz atara ahal izango dabe erretratua, beren-beregi erreproduzidutako 50 diskoen arteko bat aukeratuta.

Ibilbidea osotzeko, Museoak erreprodukzino-zerrenda bat entzuteko gonbita egingo deutse ikusleei (abesti guztiek greziar mitologia dabe ardatz).

Doako ekitaldi honetan parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena emotea.

Bilboko Berreginen Museoa

Hamabost 15 urte honeetan, Bilboko Berreginen Museoak bilakaerea izan dau eta gero eta erakusketa eta jarduera-programa zabalagoa eskaintzen dau. Gaur egun, Bizkaiko erakundeak ekitaldi ugari atontzen ditu eta eskultura klasikoen kopiakaz erakusketa iraunkorra dauka, aldi baterako erakusketak, Artelana Testuinguruan eta bestelakoei esker, Bizkaiko erreferentzia kultural bihurtu da Berreginen Museoa. Espazio honetan, erakundearen adierazgarri dan izakera klasikoak bat egin dau inguruaren bereizgarri dan kultura-aniztasun etnikoagaz eta, holan, hainbat arlotan alkarregaz lan egitea sustatu dau horrek.

Publikoak beti babestu izan dau Museoa, baita azken urteetan COVID-19aren ondorioz bizi izandako momentu larrietan be eta Museoa urte honeetan Bilboko San Frantzisko auzoan bizi izan dauen aurrerapen eta proiekzinoaren bultzatzaile da. Hori dala-eta, erakundeak, urtebetetze berezi honetarako atondutako ekitaldien bidez, eskerrak emon nahi deutsee 15 urteotan zentrora hurreratu diran guztiei. Urtero atontzen diran erakusketa eta jarduera propioez gan, ehunka ekitaldi egiten dira bertan, horreetako asko erakundea kokatuta dagoan auzoko biziteagaz estu lotutakoak. Era berean, San Frantziskon eta Bilbo Zaharrean programautako kultur ekitaldi gehienen egoitzea izan da eleiza hau: Bilbo Zaharra, kulturarako zubia (ekimen horretako jarduerarik jentetsuena Tattoo Adicts izan zan); BAD, Zinegoak, Caostica eta Fair Saturday, adibidez.

Bestalde, Museoak edegita ditu beti ateak lurraldeko eta uriko bizitza kulturalerako eta, esangura horretan, askotariko ekimenak hartu ditu: liburuen aurkezpenak, moda desfileak, zinema-grabaketak, pintxoen aurkezpenak, berbaldiak...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu