Manuel Galíndez arkitektoaren lana batu dabe Bizkaia Aretoan

Bizkaie! 2021-11-16 09:05   Kulturea

Bilboko eraikin ugariren egilea izan zan, eta estilo arrazionalistearen aitzindaria.

EHUren ekimenez egiten dabizan Euskadiko Nazinoarteko Arkitektura Bienalaren barruan, XX. mendearen erdi parteko euskal arkitektorik esanguratsuenetako baten ondarea batzen dauen erakusketea zabaldu dabe Bilboko Abandoibarra pasealekuko Bizkaia Aretoan, bertako Etxepare gelan. Manuel Galíndez bilbotarrak (1892-1980) diseinau zituan uriko eraikin ezagun ugari. 

Batez be, 1930, 40 eta 50eko hamarkadetako proiektuak dira erakusketearen oinarria. Urte hareetan, arkitektura arrazionalista eta modernistearen aitzindari izan zan Galíndez, eta horri esker punta-puntako eraikinak izan zituan Bilbok. Besteak beste, Bailen kaleko etxeorratza, La Equitativa (Mazarredo zumarkalean) eta La Aurora (Moyua plazan) Galíndezen sormenaren ondorio dira. 

Beste uri batzuetan be diseinuak egin zituan. Erakusketan ikusi leitekez, esate baterako, Madrilgo Banco de Vizcayaren eraikina eta Bartzelonako Banco Hispano Americanorena. Kalidade handiko eraikinak dira erakusketarako aukeratu dituenak, eta ingurumenagaz sentikorrenak. 

Galíndezen lana herritarrei ahalik eta modurik zehatzenean hurreratzeko, Bizkaia Aretoan ikusi leitekez planoak, jatorrizko marrazkien erreprodukzinoak eta argazkiak. Ganera, erakusketeak aztertzen ditu arkitekto bilbotarraren obrearen ezaugarriak, konposizinoa, eraikuntzearen lan zehatza eta arkitektureari uri-moltsoaren zati lez emondako arretea.

Arkupe kultura arkitektonikoaren alkarteak antolatu dau erakusketea eta Iñigo Basarrate da komisarioa. Zemendiaren 21era arte ikusi ahal izango da Bilbon, ondoren Madrilen eta Estadu Batuetan ipiniko dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu