'Eta zuk... ikusten dozu?', Emakunderen kanpainea zemendiaren 25erako

Bizkaie! 2021-11-15 13:21   Pil-pilean

Edadeko emakumeen kontrako indarkeria gogoan hartzea da helburua.

Kanpainea aurkezteko agerraldia (argazkia: Emakunde) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zemendiaren 25a da Emakumeen kontrako Indarkeria Ezabatzeko Nazinoarteko Eguna, eta aurten Emakundek arretea jarriko dau sarri ezkutuan geratzen dan arazo baten: edadeko emakume askok etxe barruan sufriduten daben indarkeria. Kontzientzia zabaltzeko eta gizarteari adi egon daiten eskatzeko, Eta zuk... ikusten dozu? Adi dagoan gizarte batek baino ez dau detektatzen indarkeria ezkutuena lemadun kanpainea atondu dabe. 

55 eta 79 urte bitarteko emakumeak dira kanpainako protagonistak: edade horretako hainbat lekukoren kontakizunak batu ditue, urte askoan sufridutako indarkeriaren barri emoten. Gizartearen begiradatik kanpo geratu diran kasuak dira, edo, txarrenean, normaltzat jotako indarkeriak. 

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidagaz batera, Eusko Jaurlaritzako Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko sailburu Beatriz Artolazabal izan da kanpainea aurkezteko ekitaldian. 

Sailburuak ohartarazo dauenez, sarritan, biktimek eurek be ez dabe identifikau euren kontrako indarkeria, hain egon dira normalizauta halako jarrerak. Emakumeen kontrako indarkeriaren arazoa luzaroan ezkutatu da normaltasun mantu baten azpian, eta normaltzat joten zan senarrari baimena eskatu behar izatea atzerrira joateko, lan egiteko edo kontu korronte bat edegiteko, adibidez, azaldu dau Artolazabalek.

Edadeko emakumeek modu askotan sufridu dabe indarkeria eta bardintasun faltea: ikusezintasuna; autonomia ekonomikorik ez; euren sasoiko gizarteak genero-indarkeria ez onartzea; beste personak jagoten bizi guztia pasau beharra, besteak beste.

Era horretako indarkeria desagertzen eta gizartean zilegitasuna galtzen doan arren, oraindino adi egon behar dogula dino kanpaineak. Aurreko hileetan egin dauen esperimentu sozialean, Emakundek biktimen lekukotza ugari batu ditu, baina baita era horretako indarkeria ikusi daben beste jente askorenak be. Esperimentuan parte hartzean konturatu dira indarkeria horren lekuko izan dirala.

Izaskun Landaidak kanpainan parte hartu daben emakumeen jarrerea txalotu dau: badakigu ez dana bape erraza izan eurentzat, guztiek egin dabe beste emakume batzuei laguntzeko helburuagaz

Kanpainea zemendiaren 30era bitartean egongo da martxan, irratian, telebistan, egunkarietan, hedabide digitaletan eta sare sozialetan. Ganera, kartelak banatuko ditue ikastetxe, osasun zentro, alkarte, enpresa eta liburutegietan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu