Marina Oterok euskal arte garaikidearen testuingurua ezagutuko dau

Bizkaie! 2021-11-15 09:47   Kulturea

Zemendiaren 16an berbaldi edegia emongo dau Gasteizko Artium Museoan.

Marina Otero. Argazkia: Boudewijn Bollmann | Ikusi handiago | Argazki originala

Marina Otero, pasa dan bagilean amaitutako 13. Shanghaiko Biurtekoko komisarioetako bat izan dana, Euskal Herrira etorriko da hiru egunez bertako proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak ezagutzeko. Zemendiaren 15etik 17ra, Donostia, Gasteiz eta Bilbon, euskal testuinguruko hainbat artista eta eragilegaz egoteko aukerea eta bertako museo eta sorkuntza zentro batzuk bisitauko ditu.

Shanghaiko Biurtekoa Txinako arte biurteko finkatuena da eta mundu osoko artista, kuradore, idazle eta artezaleei beren esperientziei, lanei eta inspirazinoei buruzko ideak trukatzeko eta nazinoarteko alkarrizketak lantzeko gune bat eskaintzen deutse. Asiako produkzino eta sormen artistikoaren lorpenak nabarmentzen ditu eta ekialdearen eta mendebaldearen arteko munduaren banaketa konbentzionalari aurre egiten deutso.

Egonaldiaren barruan, Marina Oterok aurkezpen edegi bat egingo dau, sortzaile guztiei eta entzulego orokorrari eskainia; hitzordua zemendiaren 16an, martitzenean, izango da, 18:00etan, Gasteizko Artium Museoan. Shanghaiko Biurtekoko ‘Bodies of Water’ kontzeptua eta pandemia sasoian, proiektua jorratu zanean, sortutako lan-baldintza barriak izango ditu berbagai. Artista batzuen lanetan be jarriko dau arreta, baita Itziar Okaritzen lana be, biurtekoaren oinarrizkio zatia izan baitzan.

ZABAL egitasmoa

2019. urtean jarri eban martxan Etxepare Euskal Institutuak ZABAL egitasmoa, sortzaileen, profesionalen, eragileen eta lekuan lekuko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetzea sustatzen eta errazten daben nazinoarteko sareak zabaltzea helburu dauena. Horretarako, nazinoarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Institutuak Euskal Herrira, hartu-emon zuzenaren bitartez euskal artistakaz alkarlana sustatzeko.

Proiektua aurrera eroateko, lekuan lekuko eta nazinoarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten dauen Artingeniumen, Lourdes Fernández buru dauen arte bulegoa, lankidetzea dau Institutuak.

2019ko zemendian etorri zan lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa. 2020ko zezeilean, ruangrupa kolektiboko kideak izan ziran, dokumenta 15eko zuzendari artistikoak. Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Marina Oteroren bisiteagaz emongo jako jarraipena egitasmoari.

Egitasmoari esker, consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independentea 2022ko bagilean Kassel-en (Alemania) inaugurauko dan nazinoarteko documenta 15 erakusketa entzutetsuetan parte hartzeko aukeratua izan da.

Marina Otero

Marina Otero Verzier arkitekto doktorea da, Het Nieuwe Instituut-eko (Arkitektura, Diseinu eta Kultura Digitalaren Holandako Museo Nazionala, Arkitektura Artxibo Nazionala dauena) Ikerketa zuzendaria, Rotterdamen, eta Design Masters Sozialaren zuzendaria Design Academy Eindhoven-en. Komisario lanak, besteak beste, honako proiektu honeek batzen ditu: Holandako pabilioia Veneziako Arkitektura Bienalean 2018an, Oslo Architecture Triennale 2016 eta Shanghaiko 13 Bienala 2021ean. Aurretik, Marinak Studio-X GSAPPko zuzendari lanak egin zituan, Amman, Beijing, Istanbul, Johannesburg eta Tokumburgen egoitzea daben urien etorkizunari buruzko ikerketa-zentroen sare globalean. Marinak lankidetzan argitaratu ditu Unmanned: Architecture and Security Series (2016), After Belonging (2016), Work, Body, Leisure (2018), Architecture of Appropriation (2019), I see that I see what you don ´t see (2020), More-than-Human (2020), Dixit # 2 A Matter of Data and Lithium: States of Exhaustation (2021). ETSA Madrid, Royal College of Art Londres, Columbia University GSAPP New York, Barnard College New York eta Geneva University of Art and Design-en irakasle izan da, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu