Guaixe, Geuria, EiTB eta Karkara irabazle 2021eko Tokikom Sarietan

Bizkaie! 2021-11-12 11:02   Kulturea

Toki-komunikabideetako kazetaritza lanaren kalidadea aldarrikatzea da helburua.

Seigarren edizinoko sari banaketea egin dabe gaur Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, Tokikomek atonduta EiTB-ren laguntzinoagaz eta Eusko Jaurlaritzearen, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesari esker. Euskerazko komunikazinoaren arloko 100 lagun inguru batu dira ekitaldira eta bertan jarraitzen dabe oraindino, nazinoarteko adituakaz batera hedabideen inguruko komunidadeen sorkuntzaz eztabaidatzen.

Kazetaritza sariak emoteko epaimahaian izan dira Maria Gorosarri Gonzalez, Edorta Arana Arrieta eta Amaia Pavon Arrizabalaga eta hirurak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalidadea nabarmentzean eta azpimarratu dabe mailea igoten doala urtez urte, aukeraketea gero eta gatxagoa izaten dalarik.

Urtero legez, kazetaritza sariak hiru kategoriatan banatu dira:

• Azalik Onenaren Saria: Sakanako Guaixe aldizkariaren Uda Sakanan lanak eroan dau. Alde estetikotik txukuna eta bizia izateaz gan, Sakanako Guaixe astekariak udako zenbaki berezirako landutako azalak balio informatibo handia be badau eta primeran islatzen dau eskualdeko mapa erreferentziala. Di-da ikusten da herri bakotxean zer dagoan eta bertako ondare natural eta kulturala oso modu bisualean islatzen da.

• Edukirik Onenaren Saria: Hego Uribeko Geuria aldizkariak irabazi dau, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagaitik. Hego Uribeko Geuria hilebetekariak hainbat buztarketa interesgarri egin zituan udako zenbaki berezian. Alde batetik gaia, hainbat fenomeno global (aldaketa klimatikoa, konsumismoa, urigintzea) tokiko ikuspegitik lantzen. Lanketa horretan, gainera, kazetaritza genero ezbardinak eta informazino iturriak be uztartu ditu. Testuaren eta alde grafikoaren arteko orekea be mimo handiz landuta dago, bai eta online eta offline euskarrien artekoa be: infografiak, ilustrazinoak, erretratuak eta bideoak be baditu, baita papelezko edukia digitalagaz lotzeko QR kodeak be.

• Ikus-entzunezkorik Onenaren Saria. Goierri Irrati-Telebistak jaso dau, Ateak itxi, leihoak ireki lanari esker. Goierri Irrati-Telebistak lan bikaina egin dau, Covid19aren ondoriozko itxialditik urtebetera, orain hain urrun geratzen jakun esperientzia kolektibo horren testigantzea gordeteko. Etxealdiko esperientziaren ikuspegi eta errelato zabala eskaintzen dau, hainbat herritarren bizipenak eta gomutak jasoz, mimautako estetikeagaz eta edukia berben bidez ez eze, irudiak erabiliz be transmitiduteko ahalegina eginez. Gerora begira be, dokumentu ederra da, etorkizuneko ikusleek jakin deien zelan bizi izan dan itxialdia bertatik bertara.

• Komunidadearen Saria. Sari hau publikoak erabagi dau, internet bidezko botazinoa egiteko galdetegi baten bitartez. Boto gehien hartu dituan aukerea, jasotako 373 botoen % 25agaz, Karkara Aldizkariak aurkeztutako Bandera da Orion portada ederra izan da.

Bederatzi lan finalistak, tartean lau saridunak, sariketaren webgunean dagoz ikusgai.

Komunitatea josten, nazinoarteko adituen esperientziaz

Sariak emon ostean, Arrasaten batutako komunikabideak goiza aprobetxetan dabiz euren arteko zein publikoaren aurrean komunidadeak eratzeko moduetaz jarduteko. Horretarako, Britainia Handiko BBCko, Flandriako Het Belang van Limburgeko eta Espainiako eldiario.es-eko lankideen esperientziak entzun eta euren inguruan eztabaidatzen dabiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu