Musikea eta K-Pop jantzea, Bilboko gazteentzat Gabonetan

Bizkaie! 2021-11-11 08:27   Kulturea

Sormenez betetako aisialdi hezitzaile eta osasungarria eskaintzea da asmoa. 

Barritasunak dakarz uriko gazteentzat Bilboko Udalak antolatu dauen Gabonetako eskaintzeak, #Gaztekluba Gabonak izenburupean. Ekitaldi bi nabarmendu ditu Udaleko Gazteria Sailak: 15 eta 22 urte bitarteko Bizkaiko talde, bakarlari eta DJen kontzertua; eta K-Pop erako jantzen lehiaketea. Jarduera biotan izena emoteko epea zabalik dago.

Udalak azpimarratu dauenez, kulturaz eta sormenez betetako aisialdi hezitzaile eta osasungarrirako aukerak urtero eskaintzen deutsez uriko gazteei Gabonetan, baina, aurten, parte-hartzea indartuko dabe, gazteei oholtzara igoteko aukerea emonda, ikuskizunaren protagonista bihurtu daitezan.

#Gaztekluba izenaren pean antolatzen diran jarduerak, normalean, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat izaten dira, baina kasu batzuetan nagusiagoek be hartu leikie parte.

Kontzertua abenduaren 27an izango da, Bilborocken. Anne Lukin abeslari ezaguna izango da konbidadu nagusia, eta beragaz batera oholtzan izango dira talde eta bakarlari gazteak. Bizkaian erroldatutakoek emon leikie izena (taldeen kasuan, erdiek gitxienez bete behar dabe baldintza hori), eta 15 eta 22 urte bitartean izan beharko ditue. Hautagaien artetik hamar aukeratuko ditue.

K-Pop jantzen lehiaketeari jagokonez, EAEn erroldatutako gazte guztiei zabalduko deutse aukerea. Abenduaren 29an egingo dabe finala, Bilborocken, eta hiru sari emongo ditue bakarlarien atalean, eta beste horrenbeste taldekakoan. Koreatik datorren estiloa da K-Pop dalakoa.

Izena emoteko epea abenduaren 3ra arte egongo da zabalik, Bilbao Gazte webgunean (inprimakia bete behar da). Hautagai bakotxak bere kanta edo jantza baten loturea be erantsi beharko dau, antolatzaileek Bilborockeko oholtzan egongo diranak erespide artistikoen arabera aukeratu ahal izan deiezen. 

Publiko lez joan nahi dauenak, ostera, ez dau aurretik izenik emon behar. Bilborocken sartzea doban izango da eta bertaratzen diran guztiak sartu ahal izango dira, leku guztiak beteten diran arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu