Euskerazko kultur ekitaldiak sortzen lagunduko dau Hi(zki)bridoak-ek
2021-11-10 10:22 KultureaInteresdunek zemendiaren 22ra arte aurkeztu leikiez proiektuak.
Bilboko Euskerearen Etxean egiten dan Hi(zki)bridoak zikloak pausu bat gehiago egin dau euskerazko sorkuntza barritzailea bultzatzeko ahaleginean: lehenengoz, euskerazko kultur ekitaldiei laguntzeko beka deialdia antolatu dau, 3.000 eurokoa.
Proiektu irabazlea, behin amaituta, 2022ko Hi(zki)bridoak zikloan aurkeztuko dabe. Modu horretara, sorkuntzeari laguntzeaz gan, zikloaren egitaraua hornidu eta aberasteko balio izango dau deialdi barriak.
Euskerazko kultur emonaldi barriak sortzen laguntzea eta ezagutarazotea, eta disziplina eta adierazpide diferenteetako sortzaileen arteko alkarlana sustatzea eta indartzea, horreexek dira laguntzinoa emotearen helburuak, Euskerearen Etxeak azpimarratu dauenez.
Euskera hutsezko emonaldi baten gidoia atontzea eta emonaldia bera gauzatzea aurreikusi dabe deialdian. Hautagaiei eskatu deutse formatu txikian emoteko moduko proiektuak aurkeztu deiezela, Hi(zki)bridoak zikloaren ezaugarriakaz bat etorrita.
Zemendiaren 22an amaituko da proiektuak aurkezteko epea eta epaimahaiak abenduaren 20an emongo dau ebatziaren barri. Irabazleari 3.000 euro emongo deutsez. Oinarriak hemen (PDF).
Honeek dagoz epaimahaian: Eneko Sagardoy aktorea, Lutxo Egia idazlea, Haizea Barcenilla arte-kritikaria, Onintza Enbeita bertsolaria eta Azkue Fundazinoko zuzendari Iurdana Acasuso.
Igaz, 2020an, ipini eben martxan Hi(zki)bridoak. Literatura Mutanteak zikloa Euskerearen Etxean, literaturearen eta ahozkotasunaren inguruko kultur proposamenak euskal publikoari hurreratzeko. Zaleek emondako harrera bikaina ikusita, 2021eko irailetik abendura egiten dabiz bigarren edizinoa. Hurrengo saioa, hain zuzen be, bihar, zemendiak 11, izango da: zientzia fikzinozko bertso saioan kantauko dabe Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria bertsolariek, Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo gidoilari dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!