Formol Laborategiaren 'Albuma' estreinauko dabe zemendiaren 11n

Bizkaie! 2021-11-10 09:59   Kulturea

Euskal antzerki sortzaile barriei zubiak eregitea da asmoa.

Ilusinoz eta euskal antzerki sortzaile barriei laguntzeko 2012an hartutako erabagia berretsiz, Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketen abaroan ZUbi egitasmoaren V. deialdiko emoitzea aurkeztu dabe, Formol Laborategiak ondu dauen Albuma antzezlana. Berau, zemendiaren 11n, eguenean, Azpeitiko Soreasu Antzokian estreinauko da eta ondoren euskal antzokietan ikusi ahal izango da. Pandemia tarteko, ez da erraza izan erronkeari eustea baina azkenean hemen dago euskal antzerkigintzearen panorameari ekarpen interesgarria egin leikion antzezlan barri bat.

Badira zenbait urte, hainbat eragile euskal antzerki sorkuntza profesionalaren egoereari buruzko kezkak, usteak eta eretxiak alkartrukatzeko batzen hasi ginanetikk. Ordutik, sortzaile barriek profesionalizetako dituen zailtasunetaz jaubetuta, gure neurri apalean egoera hau iraultzeko zeozer egiten ahalegindu gara. Holan bada, ZUbi proiektua, euskal antzerki sortzaile barriei bultzadea emoteko sortu genduan ekimena da eta bertako kideek hautatua dan proiektuari babesa emoteko hartzen dogun konpromisoa dau oinarritzat.

Durangoko San Agustin Kulturguneak, Barakaldo Antzokiak, Iparraldeko Euskal Urigune Alkargoak, Zornotza Aretoak, Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatibeak, Elorrioko Arriola Antzokiak, Hendaiako Mendi Zolan Kulturguneak, Zumaiako Aita Mari Antzokiak eta Artedramak Antzerki Arte Eszenikoen Plataformeak osotzen dabe proiektua. Gure bultzadea aholkularitza artistiko eta administratiboan, sormen egonaldiak ahalbideratzen, produkzinorako diru ekarpenean eta aretoetan ikuskizunen kontratazinoan (danetara, 10) gauzatzen da.

Alkarlan proiektu honi honi esker, 2013an Dxusturi Teatroaren Konpota bultzatu genduan, 2015ean, Lauka Teatroaren Amodioaren Ziega, 2017an, Beheko Larraineren Atte Hil Aurretik, 2018an, Benetanbe Konpainiaren Inondik inora antzezlana eta 2019. urtean, Rubik konpainiaren Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak antzezlana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu