Amodiozko Gutunen Lehiaketea martxan da Barakaldon

Bizkaie! 2021-11-10 09:35   Kulturea

Gazteentzako saria izango da aurtengo nobedadea.

Ibilbide luzeko ekimena da Barakaldoko Amodiozko Gutunen Lehiaketea, aurten 27. edizinoa beteko dau, Bihotzaren Berbak 2022 izenburupean. Urteroko deialdia zabaldu dau Barakaldoko Udalak, herriko zein ingurukoek irudimena martxan jarri eta maitasuna adierazoteko gutun originalak idatzi deiezen. 

2022ko urtarrilaren 3ra arte egongo da gutunak bialtzeko epea zabalik. Euskeraz zein gaztelaniaz idatzi ahal izango dira, bakotxak nahi beste gutun, baina gehienez folio biko testuak onartuko ditue. Gurutzetako Zentro Zibikora bialdu behar dira. 

Berez, lehiaketa nagusia 18 urtetik gorakoentzat da, baina aurten sari berezi bat emongo dabe 14 eta 17 urteko gazteen artean, Barakaldoko liburu-dendetan erabilteko 100 euroko bonoa. Hortaz, gazteek be parte hartu ahal izango dabe. Idazteko zaletasuna eta aberastasuna sustatu nahi dogu Barakaldoko gazteen artean, prozesu linguistiko, kognitibo, sozial eta kultural lez ulertuta, sare sozialetako eta teknologia barrietako idazketa laburragoko ohiko jardunbideetatik urrun, azaldu dau Udaleko Euskera eta Gazteria zinegotziak, Nerea Canterok.

18 urtetik gorakoei be parte hartzeko deia egin deutse Canterok: maitasunari buruz idazteko erronkea dakargu barriro, betiko topikoak eta benetako emozino bako orokorkeria hutsak baztertuta. Saritan 2.000 euro emongo dituela gogoratu dau zinegotziak. 

Aurreko edizinoetan, urtetik urtera gero eta parte-hartzaile gehiagok bialtzen ditue amodiozko gutunak lehiaketara, Covid-19ak be ez dau eten jokera positibo hori. 2021ean sekulako testu gehien jaso zituen, 777. Online egin eben igazkoa, pandemiagaitik, baina aurten papelera bueltauko dira, bihotzarenhitzak@barakaldo.eus helbide elektronikoaren bidez gutunak bialtzeko aukereari eutsi deutsen arren.

Sariak banatzeko ekitaldia presentziala izatea pentsau dau Udalak, osasun egoereak hobera egin dauelako. 2022ko zezeilaren 19an egingo dabe, Gurutzetan. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu