Euskerazko komunikazinoko 100 profesional batuko dira Arrasaten

Bizkaie! 2021-11-08 07:55   Kulturea

Tokikom Sariak be zemendiaren 12an emongo ditue.

Euskerazko komunikazinoaren munduko ia 100 profesionalek emon dabe izena dagoeneko zemendiaren 12an, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan atondutako hedabideen epe labur eta ertaineko erronken inguruan jarduteko.

Komunidadea josten 

Euskerazko komunikabideetako profesionalei zuzenduta dago, Komunidadea josten izenburuari eutsiz, neurri ezbardinetako komunikabideen zein komunikabide horreen eta publikoaren artean komunidadea osotu eta hartu-emonak estutzeko aukerak aztertzeko. Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek munduan jazoten danari adi egotearen garrantzia azpimarratu dau: garrantzitsua da geure bide berean pausu bat edo bi aurrerago doazenen esperientziak ezagutzea, hareek hartutako erabagi on eta txarretatik be ikasteko.

BBCren Local News Partnerships egitasmoa

BBC irrati-telebista publikoak Britainia Handiko toki komunikabideakaz lantzen dabilen Local News Partnerships egitasmoaren barri izango da, egitasmoa zuzentzen dauen Matthew Barraclough-en eskutik. Tokikom eta EiTB aspaldi hasi ziran egitasmoa aztertzen Euskal Herrian antzeko ekimenen bat martxan ipinteko aukerak baloretako.

Eldiario.es-en kidetza programea

Madrilgo eldiario.es egunkari digitala ezaguna da mundu mailan bere kidetza programa arrakastatsuagaitik. Gehienbat digitala dan komunikabideak lan bikaina egin dau bere kideen figurea jorratzeko, harpidedun soilaren figurea gainditu eta benetako komunidade baten parte izan daitezan. Kidetza programea zuzentzen dauen Esther Alonsok emongo dau haren barri.

Het Belang van Limburg. Euskarri ugariko planteamendua

Flandriatik, Het Belang van Limburg egunkari hiperlokalak be lanketa sakona egin dau kideen figurea uztartzeko lantzen dituan euskarriakaz: papela, webgunea eta aplikazinoa. Bertako kide dan Arno Schepersek azalduko ditu zehetasunak jardunaldian.

Tokikom Sariak

76 toki komunikabide batzen dituan taldeak Tokikom Sariak sortu zituan orain 6 urte, euskerazko toki komunikabideen lan bikaina gizarteratu eta aldarrikatzeko asmoz. Urtero legez, urtean zehar euskerazko toki komunikabideetan argitaratutako azalik onena, edukirik onena eta ikus-entzunezkorik onenaren saria emongo ditue barikuko ekitaldian eta gainera publikoak bozketa bidez erabagitako Komunidadearen Saria be bai. Epaimahaian dagoz Euskal Herriko Unibersidadeko Edorta Arana eta Maria Gorosarri eta Mondragon Unibersidadeko Amaia Pavon eta, nabarmendu dabenez, igarri da pandemiak aukerea emon dauela lanketak era pausatuago batean egiteko. Finalista geratu diran lanak ikusi hemen.

Tokikomek EiTBren eta Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesari esker atondu dau sarien seigarren edizino hau eta ekitaldia bera.

Kontuak kontu, jardunaldia zemendiaren12an izango da, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan. Sartzea doban da baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena emotea hemen. Izena emoteko epea zemendiaren 10ean amaituko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu