‘JazzEñe’Jazzaldira bueltauko da 2022an
2021-11-08 11:31 Musikea2022ko martian jakinarazoko ditue protagonistak.
SGAE Fundazinoak, Donostiako Udala, Donostia Kultura eta Donostiako Jazzaldiagaz lankidetzan, VIII. JazzEñe atonduko dau. Ekimen honen helburua Estatu mailako jazza nazinoartekotzea da eta garagarrilaren 21etik 24ra egingo da Donostian, 57. Jazzaldiaren barruan, 2022an bigarren aldiz, iazko abaguneari jarraipena emonez.
Hainbat jardunalditan zehar, 45 minutuko showcase formatuko kontzertuak izango dira; programazinoa zehaztu barik dago eta 2022ko martian jakinarazoko dira protagonista izango diran JazzEñe kideak, hau da, artistak eta taldeak.
Aurreikuspenei helduz, talde aukeratuak 2022ko urtarrilean kaleratuko dan deialdi baten hautaketa-prozesuaren emoitzea izango dira, SGAE Fundazinoak Iberoamerikako bazkideei zuzenduko deutsen deialdi orokor baten bidez jasotakoak. Hautatze-prozesu horretan izen handiko profesionalak izango dituan epai-mahai batek izango dau azken berbea.
Ikusleakaz batera, JazzEñe2022k Europako taldeen hainbat kontzertu eta festibaletako ordezkari eta jazz-sustatzaileak batuko ditu, danak SGAE Fundazinoak gonbidatuta, generoak bizi dauen errealidadea ezagutu guran. Kontzertuen osogarri, talde parte-hartzaileek euren proposamenak nazinoarteko gonbidatuakaz azaldu eta eztabaidatzeko aukerea izango dabe, euren lana gure mugetatik harago zabaltzea ahalbidetuko deutsen nazinoarteko lankidetza-akordioak lortzeko asmo.
Kontzertuak Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango dira.
JazzEñe
SGAE Fundazinoaren programa bat da, Espainian egiten dan jazza nazinoartean zabaltzeko, Estadu mailako jazz-taldeek jaialdietan parte hartu deien sustatzeko, SGAEko bazkideentzako nazinoarteko birak sustatzeko eta sektoreko profesionalen (egileak, artistak, managerrak, programatzaileak, jaialdietako zuzendariak, diskoetxeak...) arteko topaketak eta esperientzien zein ezagutzearen trukea bultzatzeko sortua.
2014an Madrilen egindako lehen edizinoaren ondoren, ekimenak Valentziara jo eban eta ordutik Zaragoza eta Malagatik be igaro da. Orain, zortzigarren edizinoan, Europako jaialdietako zuzendarien eta ikusleen aurrean Espainiako jazzaren errealidadea aurkeztuko dauen erakusketa hau Donostiako Jazzaldiaren testuingurura lekualdatu da bigarren aldiz, izan be, goi mailako edizino parebako honek 57 edizino beteten ditu eta jazzaren topaleku handienetako bat da gurean dagoeneko, baita Europan eta munduko gainerako hainbat lekutan be.
Urteotan, artista askok Europa osoko jaialdietan interpretau ditue eurenerrepertorioak, SGAE Fundazinoaren Eñe programei esker. Chicuelo & Mezquida artistak, Zaragozatik Tokyo Jazz Festivalera heldu ziran.
Era berean, SGAE Fundazinoak Antonio Lizana, Rycardo Moreno eta Pedro el Granaíno Eñe protagonistak aurkeztu zituan 2018an, Amsterdam eta Rotterdamen, Biënnale flamenkoaren Gau Zuria proiektuaren barruan. Aitamen berezia merezidu dau 2017an Nazinoarteko Amersfoort Jazzaldian (Herbehereak) parte hartu eben lau taldeak JazzEñetik pasautakoak izatea: Camerata Flamenco Project, Nono Garcia Trío, Alexey Leon Trío eta Marco Mezquida Solo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!