BaDA! goiburua ardatz, berba-olgetea darabil aurtengo iragarkiak
2021-11-08 07:50 azokakJon Ander Urresti aktore bermeotarra agertzen da iragarkian.
Badau? baDA! hasten da Durangoko Azokako aurtengo spota. Goiburua ardatz berba-olgetea egiten dau iragarkian agertzen dan protagonisteak, Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak.
Spota Durangoko Landako Gunean grabau da: hutsik agertzen da pabilioia, baina abenduaren 4tik aurrera barriro be beteta ikusi ahal izango dogu, 220 erakusmahai baino gehiagogaz. Iragarkiak edizino honetako Leire Urbeltzen Desipuindegia kartelari be keinu egiten deutso protagonistearen bidez eta kulturearen plazako adierazpide ezbardinak agertzen dira. Hogei segundoko iraupena dauen erritmo biziko bideo hau Sorland eta Filmak enpresek sortu eta produzidu dabe.
PortaDA! lehiaketea martxan
Hilibete baino gitxiago falta da Durangoko Azokea hasteko eta kulturearen plazeak edizio honetako ezaugarri nagusiak aurkezten jarraitzen dau. Aurten ez da Ikasle Goiza ekimenik egingo Azokako lehenengo egunean (abenduaren 3an online dendea martxan jarriko da baina ez da aurrez aurreko Azokarik egongo). Halan da be, ikastetxeei begira, Azokeak lehiaketa bat atondu dau LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat: portaDA! erronkea.
Ikasleek euren sormena landuko dabe euskerazko liburu edo disko baten azala hartuta eta eurekaz erretratu sortzaile bat atara, objektu bat edo euren gorputzeko atal bat erabilita, portadea osotuz. Parte hartzeko epea zemendiaren 30ean amaituko da eta irabazleek sari bereziak irabaziko ditue: DBH eta
Batxilergokoek Huntza taldearen bisitea eta kontzertu egokitua ikastetxean eta LH-koek Iratxoen kantu sekretuak saio berezia. Oinarri zehatzak www.durangokoazoka.eus webgunean konsultau daitekez.
DA! PRO euskerazko kultur sortzaileentzat topagune profesionala
Horrezaz gan, DA! PRO egitasmoan izena emoteko epea zabalik dago, zemendiaren 11ra arte. Aurten Azokako profesionalentzako guneak lau eguneko egitaraua izango dau eta musikaz gan beste diziplina batzuk be landuko ditu. Sortzaileek zemendiaren 11ra arte izango dabe tartea bertan euren proiektuak
aurkezteko (musika eta familia-ikuskizunakaz lotuta). Horrezaz gan, programatzaileek be izena emoteko epea zabalik dabe.
Abenduaren 3an, Literaturatik zinemara, zer behar dau lan literario batek ikus-entzunezko bihurtzeko? mahaingurua egongo da DA! PRO egitasmoaren barruan, hainbat parte-hartzailegaz: Unai Elorriaga idazlea, Aizpea Goenaga zuzendaria, Joanes Urkixo gidoilaria, Ander Barinaga produktorea, Gaizka Izagirre
kazetari eta zinemazalea... Bertara joateko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena emotea, www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!