Martin Ugalde gogoratuz hasiko da Literaktum 2021

Bizkaie! 2021-11-08 10:37   Kulturea

Letren jaialdia zemendiaren 21era arte egingo dabe, Donostian.

Literaturea eta idazleak ardatz, sail ugaritan banatutako egitarau zabala dakar 2021eko Literaktum jaialdiak Donostiara, gaur, zemendiak 8, hasi eta 21era arte. Gizartean pil-pilean dagozan gaiei literaturearen bidez heltzeko asmoari eutsiko deutso letren jaialdiak aurtengoan be. Edizino honetako gai nagusia memoria izango da, Donostia Kulturak aurreratu dauenez. 

Egitarauari ekiteko, Martin Ugalde idazle, kazetari eta kulturgile andoaindarra gogoratzeko ekitaldia egingo dabe, haren jaiotzearen mendeurrena hilaren 11n beteko dan ezkero. Oihana Iguaran aurkezle dala, Anjel Lertxundi idazleak Martin Ugalde: exilioak eta hizkuntzak, ahulenak gogoan berbaldia emongo dau gaur, astelehena, Liburutegi Nagusian (19:00).

Urrian eta zemendian, Martin Ugalderen ekarpena gogoratzeko eta aztertzeko berbaldiak antolatu ditu Martin Ugalde Kultur Parkeak, eta zikloko azken hitzordua da Literaktumen barrukoa. Lertxundik Ugalderen ekarpen literarioan jarriko dau arretea, erbestea, emigrazinoa eta hizkuntzea kontuan izanda. 

Literaktum jaialdiko lehenengo egunean, Luis Landero idazle espainiarraren berbak entzuteko aukerea be izango da, Ernest Lluch zentroko areto nagusian (19:00). Karmele Jaiok egingo deutso alkarrizketea Landerori, literaturea eta memoria oinarri hartuta. 

Hurrengo egunotan be, bertoko eta atzerriko literaturearen ordezkari nabarmenak egongo dira Donostian, eta publikoak aukeran izango ditu berbaldiak, tailerrak, erakusketak, antzezlanak eta beste formatu asko, memoriaren eta literaturearen arteko loturea ahalik eta ikuspegi gehiagotatik jorratzeko.

Euskal idazleei jagokenez, Eider Rodriguez, Kirmen Uribe eta Aurelia Arkotxa dagoz egitarauan. Azken hori Jean Désy quebectarragaz agertuko da Donostian. Jordi Amat, Javier Cercas, David Grossman, Leila Slimani, Marta Barone, Paolo Giordano eta Isabela Figueiredo kanpotik etorriko diranen zerrenda luzean dagoz.

Ikusi egitarau osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu