Sharon Lockhart amerikarraren bideo eta argazkiak heldu dira Guggenheimera

Bizkaie! 2021-11-04 12:23   Kulturea

Film & Video aretoan dago ikusgai Errotazinoa notazinoa erakusketea.

'Eshkol-Wachman Mobimentu-notazinoko lau ariketa' bideo-instalazinoa (2011) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoaren Film & Video aretoan aurten egingo dan hirugarren eta azken erakusketea da Sharon Lockart. Errotazinoa notazinoa, eta 2022ko zezeilaren 27ra arte ikusi ahal izango da. Bideo-instalazinoen eta argazkien bidez, gizakiaren mobimentuak aztertzen ditu artista estadubatuarrak, formatu zein irudien arteko hartu-emon aberatsak modu sinplean agertuz.

Noa Eshkol koreografo israeldarra hil eta gitxira (2007an), Lockhart haren lanak ezagutzen eta lantzen hasi zan, giza mobimentuetan arretea jarrita eta lankidetzearen dimensinoa handituta. Lockhartek autogogoeta meditatiboratz eroaten dau ikus-entzunezko formatua: aktoreak keinuen eta hartu-emonen eroale dira. 

Eshkol-Wachman Mobimentu-notazinoko lau ariketa bideo-instalazinoak (2011) erakusten ditu ondo Lockharten interesak. Ruti Sela jantzaria agiri da, lau bolumen grisen aurrean mobimentu neurtuak egiten. Bolumenok desbardin ipinita dagoz jantza bakotxean, eta holan ikusten da gorputzak mobimentu bakotxean zelan hartzen dauen espazioa. 

Erakusketa barriagaz bat, jarduera osogarriak antolatu ditu Guggenheimek hurrengo asteotan. Gaur bertan, zemendiak 4, artisteagaz beragaz barriketaldia egingo dau museoko erakusketen arduradun Manuel Cirauquik.

Sharon Lockhart (Norwood, AEB, 1964) Los Angelesen bizi da gaur egun. Danetariko disziplina artistikoak buztartzen ditu bere lan artistikoan, adibidez, instalazinoa, argazkigintzea, zinemea, pintura eta eskulturea. Formatuen arteko interakzino harrigarriak sortzen ditu, eta horreen bidez lotzen ditu formak, bitartekoak, istorioak eta personak.

Mundu zabaleko museo, galeria eta biltzar garrantzitsuetan ikusi ahal izan da Lockharten lana, esate baterako, 2017ko Veneziako Biurtekoan. Bilbora heldu barri dan erakusketea Guggenheim Museoaren, TBA21-en eta The Wellbeing Project-en arteko alkarlanaren emoitzea da. 

Juan Ignacio Vidarte, Sharon Lockhart eta Manuel Cirauqui, Bilbon (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu