Bilbo ezagutzeko erronka barria

Bizkaie! 2021-11-03 10:31   Kulturea

Urian pistak bilatu eta gero, Eleiz Museoan escape room-a zain izango dabe parte-hartzaileek.

MaMa Crea eta Roomhunter konpainiek, Udalaren Bilbao Aurrera 2021 Planaren babesagaz, Urteera Zero izeneko proposamen barria dakarre, uria hobeto ezagutzeko joko interaktibo eta parte-hartzailea. Familia, lagunarte zein beharreko taldeentzat aproposa da, Bilboko txokoak eta bitxikeriak modu dibertigarrian ezagutzeko aukerea emoten dauelako.

Urteera Zero jokoak zati nagusi bi ditu: lehenik eta behin, Eleiz Museoan fitxa batzuk hartu behar dira, eta jarraibideei kasu eginez Bilboko leku enblematikoetan ezkutautako kodeak bilatu; ondoren, escape room erako jokoa dator, museoan bertan.

Escape room-aren helburua Bilboko Bihotza dalakoa aktibetea izango da, proba eta misterioak gaindituta. Erronkeari aurre egiteko, Amagiltza jagolearen laguntzinoa izango dabe parte-hartzaileek. Myriam K Martxante aktoreak egingo dau Amagiltzarena. 

Interesa dabenek, zemendiaren 5etik 12ra hartu leikiez fitxak eta, behin kode guztiak argituta (zazpi egun natural emongo deutsez talde bakotxari), abenduaren 3ra arte eskatu ahal izango dabe escape room-eko hitzordua. Parte hartzea doban da, eta euskeraz zein gaztelaniaz egiteko aukerea dago.

Bilbo beste modu baten ezagutzeko modua emongo dau, beraz, Urteera Zerok. Herritarrentzat ondo pasetako eta uriaren inguruko bitxikeriak ikasteko aukerea izateaz gan, jardun kulturala eta ekonomikoa suspertzeko bidea be bada ekimen barria, Bilbao Aurrera 2021 Planaren helburuakaz bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu