Emakume Zientzialariak Bilbon, zemendiko eguenetan

Bizkaie! 2021-11-02 09:56   Pil-pilean

Lehenengo saioan Pampa Garcia Molina kazetari zientifikoa izango da Bidebarrietan.

Bilboko Udalak Emakumeek Zientzia Egiten Dabe zikloaren beste edizino bat antolatu dau. Zemendiko lau eguenetan, 4an hasita, zientziaren alorrean dabizan emakumeen barri izango dogu Bidebarrieta Kulturgunean, dobako berbaldi eta topaketen bidez. Zientziaren dibulgazinoan emakumeen ahotsak falta diranez, hutsune hori beteteko asmoz egiten dabe zikloa.

Lehenengo hitzorduan, zemendiaren 4an, SINC agentziako erredakzinoburu Pampa Garcia Molinak berbaldia emongo dau. Zientziaren eta teknologiaren dibulgazinoaz eta kazetaritzeaz egingo dau berba, urte askotako esperientzian oinarrituta. Fisika teorikoan lizentziaduna da Garcia Molina, eta kazetaritza zientifikoan masterra egin dau. 

Zientziaren inguruan idazteko orduan, emakumeen ikuspegia topetea ez dala erraza uste dau Garcia Molinak: Zientzia albisteak apurka-apurka herritarren kulturan sartzen hasi diran arren, gitxitan entzuten dira emakume adituen ahotsak. Eta horren arrazoia ez da zientziaren munduan emakumeak gitxi dirala, baizik eta ez dabela gizonek besteko espazioa hartzen kazetarien agendan eta ez dirala autoridadearen ahots lez onartzen.

Hutsune hori beteteko ahalegin handia egin dau Garcia Molinak berak, batez be komunikabideetan egindako lan zabalaren bidez. SINC da zientziaren eta teknologiaren inguruan gaztelaniaz sortutako lehenengo agentzia publikoa, eta bera da erredakzinoburua. Era berean, kolaborazino ugari egin ditu irratian eta prentsan. Zientziaren komunikazinoaren ganeko prestakuntzea be emoten dau.

Zikloko hurrengo hiru saioak zemendiaren 11n, 18an eta 25ean izango dira, horreek be Bidebarrietan. Angeles Alvariñok klima aldaketearen inguruan egindako lan isila, osasungintzan generoa kontuan hartu beharra eta Bilboko hatxek erakusten deuskuen historia izango dira gaiak, hurranez hurran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu