Zemendiaren 1ean, Bilboko Arte Eder eta Guggenheim museoak zabalik

Bizkaie! 2021-10-29 12:29   Kulturea

Jai eguna dala eta, eskaintzea indartu dabe.

Bilboko Guggenheim Museoa itxita egoten da astelehenetan, baina zemendiaren 1ean salbuespena egingo dabe, Domu Santu Eguna dalako eta jente askok jai eguna dauelako. Ohiko ordutegian egongo da zabalik museoa. Era horretara, oraintsu inaugurautako Emakumeak abstrakzinogile erakusketaz gozau ahal izango dabe bilbotar zein bisitariek, XX. mendean arte abstraktua landu eben emakumeen errepaso zabalaz.

Beste erakusketa interesgarri batzuk be ikusgai dagoz egunotan Guggenheimen, esate baterako, Alice Neel estadubatuarraren atzera begirakoa eta sorkuntzearen alderdirik esperimentalenari begiratzen deutsan Asmamenaren ildoa. Guggenheim Museoaren bilduma iraunkorreko piezen erakusketea be badago. 

Arte Eder Museoak ohiko ordutegiari eutsiko deutso astelehenean, hilak 1. Martitzenetan zarratzen dabe normalean, eta Domu Santu Egunean edegita egongo dala aurreratu dabe museoko arduradunek, jai eguna dan arren. 

Momentu honetan Arte Eder Museoan dagoan eskaintzearen artean, nabarmentzekoa da Ibilbideak erakusketea, museoko bildumako obren lagin zabala. Asteon bertan edegi dabe hori. Agustin Ibarrolaren Guernica da azkenaldiko beste nobedadeetako bat. 

Horrezaz gan, ikus-entzunezkoek eta arte plastikoek bat egingo dabe astegoienean museoan, Euskal Emakume Zinemagileak I zikloari esker. Zapatuan, urriak 30, Bertha Gaztelumendik 2012an zuzendutako Mariposas en el Hierro dokumentala proiektauko dabe auditoriumean. Indarkeria ugarik artegatutako Euskal Herrian bakearen alde diharduen emakumeak aurkezten ditu film horrek. Proiekzinoaren osteko barriketaldian, Gaztelumendik berak hartuko dau parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu