Erromako Akademiako egoiliar izandako 45 artistaren obrak batu ditu Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2021-10-29 10:00   Kulturea

Erakusketa kolektiboa 2022ko zezeilaren 6ra arte ikusi ahal izango da.

Artista ugarik hartu dabe parte erakusketearen aurkezpenean (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Azkuna Zentroaren erakusketen denporaldi barria Roma Akademia izenekoak zabaldu dau, 45 artistaren erakusketa kolektiboak. Jesús Donaire da komisarioa eta Bilbora ekarri dituan artista guztiak gauza batek batzen ditu: danak izan dira Erromako Espainiar Akademiako egoiliarrak, 2018tik 2020ra.

Pandemiak kulturgintzan izandako eragin sakonagaitik, promozino bitako artisten lanak eta proiektuak batu ditue erakusketa bakarrean, 2018-19 eta 2019-20koak. Azkuna Zentroaz eta Erromako Akademiaz gan, AECID garapenerako agentziak be bultzatu dau egitasmoa.

Euskal artistak be badagoz erakusketa kolektiboko autoreen artean: José Ramón Ais, Taxio Ardanaz, José Ramón Amondarain, Itziar Barrio, Igor Bragado, Irene Clementine Ortega, Estibaliz Sádaba eta Eduardo Soutullo.

Artista bakotxak bere ikuspegitik heldu deutso Akademian egindako egonaldiari eta, beraz, askotariko formatuak eta proposamenak eroan ditue Azkuna Zentrora. Pinturea, eskulturea, argazkigintzea, ikus-entzunezkoak, diseinu industriala, arkitekturea, antzerkia, literaturea, modea... Sorkuntza garaikidea erakusteko bitarteko aproposak dira guztiak.

Erromako Espainiar Akademia 1873tik dago martxan Italiako uriburuan, eta Espainiako Atzerri Gaietako Ministerioaren gidaritzapean dago gaur egun. Helburu nagusia sorkuntzearen eta ikerketearen bidez prestakuntza artistiko eta humanistikoa bultzatzea da.

Historia aberats eta monumentu ikusgarridun urian, artistentzako topalekua da Akademia, tradizinoari begira baina gizarteko aurrerapenei beti adi. Mila sortzaile baino gehiagok egin ditue egonaldiak han.

Roma Akademia erakusketa kolektiboa gaurtik, urriaren 29tik, 2022ko zezeilaren 6ra arte ikusi ahal izango da, eta Azkuna Zentroko hainbat eremu hartzen ditu, besteak beste, erakusketa-aretoa, Mediatekea eta Atrioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu