Zuzeneko arteen eta zinemearen programazinoa indartzeko deialdi barria
2021-10-28 13:31 KultureaSektoreko eragile profesional guztien jardueran eragitea da asmoa.
Pandemiak arten bizien eta zinema-aretoen jardueran eragin dauen geldialdiaren ostean, sektorea indartzen doa pixkanaka, baina erakunde publikoek ikusi dabe beharrezkoa dala bultzada handiagoa emotea, errekuperazinoa erabatekoa izan daiten. Hori dala eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Beste Bat Barritzen izeneko deialdia zabaldu dau, zuzeneko arteen eta zinemagintzearen alorretako programazinoak sustatzeko.
Gobernu Kontseiluak urriaren 12an onartu eban arren, orain aurkeztu dabe deialdia, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egindako agerraldian. Han izan dira Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria eta Kultura sailburuorde Andoni Iturbe.
Bingen Zupiriaren arabera, helburua argia da: zuzeneko arteen eta zinemearen programazinoa areagotzea, sektoreko eragile guztien jarduera profesionalean eragiteko.
Ez-ohiko deialdia atal bitan banatzen da: zuzeneko arteak eta zinemea. Lehenengora 1,3 miloe euro bideratuko ditu Jaurlaritzeak eta, bigarrenera, 200.000 euro. 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehenengo hiruhilekoan martxan jarriko diran programazinoek eskatu leikie laguntzinoa.
Zuzeneko arteen deialdian, era askotako adierazpide artistikoak izango ditue kontuan, esate baterako, jantzea, zirkua, bertsolaritzea eta musikea. Euskal konpainiek eta profesionalek parte hartu beharko dabe programazinoan, eta gitxienez bost saio izan beharko dira laguntzinoa jasoteko.
Musika-areto pribaduen zein kulturgintzako bestelako leku batzuen programazinoak aurkeztu ahal izango dira. Testuan oinarritutako saioen kasuan, gitxienez % 60 euskeraz izan beharko da. Udalerri handietan, astelehenetik eguenera bitartean izango dira saioak, baina 20.000 biztanletik beherakoetan, asteko edozein egunetan.
Zinemearen atalean, ostera, Europa edo Latinoamerikako proiektu barriak aurkezten dituen programek eskatu ahal izango dabe laguntzinoa. Ziklo bakotxak hamar emonaldi izango ditu gitxienez. Ohiko zinema-aretoez gan, filmak emoten dituen beste azpiegitura kultural batzuek be egin leikie eskabidea.
Beste Bat Barritzen laguntzinoak lehiaketa prozedura bidez emongo dira. Jagokon epean aurkeztutako eskabideak aztertu eta modalidade bakotxeko erespideak kontuan hartuko dira. Zemendiaren 29ra arte aurkeztu leitekez kultur eragileak deialdira. Norbanako edo erakunde bakotxak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!