Esperimentazinoa eta profesionalen topaketea dakarz Atalak Sareak urte amaieran
2021-10-28 09:22 KultureaAkitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko jantzari eta koreografoak dira egitarauaren ardatza.
Urtea amaitzeko, hiru hitzordu atondu ditu Atalak Sareak, jantzearen eta arte eszenikoen ingurukoak. Zemendian eta abenduan izango dira. Hilde Kochek Quorum produkzinoa aurkeztuko dau, Amaia Elizaranek esperimentazino laborategiak gidatuko ditu eta dokumentazinoaren ganeko topaketak egongo dira profesionalentzat.
Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko koreografo eta jantzariak gogoan eratutako ekimena da Atalak Sarea. Sektorearen inguruko eztabaidea eta gogoetea bultzatzea eta proposamen koreografikoak sortzeko bidelagun izatea dira helburu nagusiak, baita profesionalen arteko sarea josteko tresnea izatea be. Bitartekaritza eta dokumentazino estrategia barriaren bidez, jantza garaikidea herritarrei hurreratzen deutse.
Aurtengo azken hile biotako egitarauan agiri da Hilde Kochen Quorum, Atalak Sarearen egonaldietan sortutako produkzinoa. Zemendiaren 11n aurkeztuko dabe, Errenteriako Lekuona Fabrikan. Gizakiaren, naturearen eta bion arteko hartu-emonen inguruko gogoeta honetan, lau emakumeren talentuak bat egin dau: Paula Olaz konpositorea, Tytti Thusberg diseinatzailea, Alaine Arzoz argiztatzailea eta Hilde Koch.
Bestetik, Amaia Elizaran jantzariak gidatutako esperimentazino laborategia abenduan egingo da. Soinuaren eta mobimentuaren arteko loturea aztertuko dau Elizaranek saioetan, Liam Ó Maonlaí musikariaren kolaborazinoagaz.
Esperimentazinoz betetako aste biko emoitzea Euroeskualdeko hainbat lekutan erakutsiko dau Elizaranek, Errenterian, Tafallan, Donostian eta Miarritzen, besteak beste.
Bestetik, Ata-Lab topaketa profesionala egingo dabe zemendiaren 10ean, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. Arte eszenikoen eta musikearen dokumentazinoaren eta artxiboaren inguruko galderei erantzungo deutse hiru orduko saioan, esate baterako, zelan dokumentau zeure lana?. Artistei zuzendutako topaketa hau bagilean egindako beste baten jarraipena da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!