UNICEF Umeen Nazino Batuen Funtsa sortu ebenetik 75 urte beteko dira

Bizkaie! 2021-10-28 08:59   Kulturea

Eusko Legebiltzarreko presidenteak harrerea egin deutso UNICEF erakundeari.

Datorren abenduaren 11n beteko dira 75 urte eta, horren harian, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzar-reko presidenteak eta Txarli Prieto, Eba Blanco, Iñigo Iturrate eta Gustavo Angulo mahaikideek UNICEF Euskal Herriko Batzordeko ordezkaritzea hartu dabe. Bakartxo Tejeriak eskerrak emon deutsoz erakunde humanitarioari, zuen lanari esker miloeka neska-mutilek bizitza hobea izan dabelako. Zoritxarrez, UNICEF sortu zanetik 75 urte igaro diranean, oraindino be gatazkak, krisiak, pobrezia eta diskriminazinoa dagoz eta miloeka umeen eskubideak urratzen dabiz adierazo dau. 75 urte honeek dira egiten dozuen lan handiaren bermerik eta frogarik onena; zuen lanari esker, mundua justuagoa da eta etorkizunean zuen ondoan jarraitzea gustatuko litxakigu.

Bestalde, Isidro Elezgarai UNICEF Euskal Herriko presidenteak eskerrak emon deutsoz presidenteari esandakoagaitik, eta, jarraian, eskaera berezi bat helarazo deutse Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiei: Adostasuna eskatzen deutsuet umezaroagaz eta nerabezaroagaz zerikusia dauen guztian. Orainaldian eta etorkizunean dogun gairik garrantzitsuena da eta akordioak lortu behar dituzue. Beste alderdi batzuetan posible da eztabaida politikoa baina umezaroa eta nerabezaroa dira gizateriaren gairik sentikorrenak. Elezgaraik azaldu dauenez, UNICEFek lau ardatzen inguruan lan egiten jarraitzen dau: COVID-19aren eta beste gaixotasun batzuen kontrako mundu mailako txertaketan; hezkuntzearen iraultzan, tresna teknologikoak eta Internet ez dituenen eskura jarriz; osasun mentalean, osasun globalaren parte dala ulertuz; eta ekologian, desertifikazinoak munduko herrialde askotan eragindako ondorioak arintzeko asmoz.

UNICEF Euskal Herriko Batzordeko ordezkaritzea honako honeek osotu dabe: Isidro Elezgarai presidentea, Iñigo Pombo, Francisco Alcolea, Iratxe Elso, Ignacio Ágreda eta Juan Ángel San Vicente eta Elsa Fuente koordinatzailea.

Orain 75 urte UNICEF sortu ebenetik, Bigarren Mundu Gerrea amaitzean, lehen lerroan lan egin dau krisi humanitarioetan, gatazka armatuetan eta hondamendi naturaletan eta epe ertain eta luzerako biziraupen eta garapen-programak gauzatu ditu, planeta osoan osasun eta ongizate erresilienteko sistemak sortzen lagunduz. Unicefek 191 herrialde eta lurralde baino gehiago babestu ditu bere esperientziaren bidez, aliantza konprometituen eta barrikuntzarako pasinoaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu