DA! PRO sortzaileentzako topagune profesionala
2021-10-27 13:44 KultureaDurangoko Azokan, abenduaren 1etik 4ra, BBKren babesari esker.
Gerediagako kudeatzaile Beñat Gaztelurrutiak eta BBK-ko Kultura arduradun Koldo Bilbaok aurkeztu dabe egitasmoa Bilbon. Gaztelurrutiak azaldu dauenez, aurten DA! PRO egitasmoa indartuta helduko da: Orain dala hiru urte hasitakoan sakondu gura izan dogu, DA! PROri bultzada sendoagoa emonez. Sortzaileentzat topagune bat sortu gura izan dogu hartu-emonetan jarteko arlo honetako profesionalakaz, etorkizunean proiektu barriak sortzeko aukerea aztertzeko.
Orain arte DA! PRO egun bakarreko jarduerea zan eta musikeagaz lotuta egon da. Aurten lau eguneko iraupena izango dau, Azokako bezperako egunetan hasiko da, diziplina ugari landuko ditu eta BBKren babesa izango dau. Gaztelurrutiak eskertu nahi izan dau BBK eta ganerako eragileen konpromisoa: Profesionalei espazio zabalagoa eskainiko deutsegu. Euren proiektu barriak ezagutarazo, merkaturatzeko bideak zehaztu, eurentzat bitarteko baliogarriak zeintzuk izan daitekezan aztertu, sortzaile eta sektoreko profesionalen arteko hartu-emonak bultzatu....
Abenduko lehenengo egunean hasiko da DA! PRO. Aurreko urteetan hasitako bideari jarraipena emon eta musikari eta musika-taldeek euren proiektu barriak aurkezteko aukerea izango dabe Euskal Herriko programatzaileen aurrean, Musika Bulegoaren lankidetzeagaz. Goizeko 09:00etatik 14:00ak arte hamar minutuko aurkezpenak egingo ditue Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da proiektua euskerazkoa izatea eta aurten kaleratutako proiektuak eta Durangoko Azokan parte hartzen dabenak lehenetsiko dira. Izena emoteko epea zemendiaren 2an edegiko da sortzaile eta programatzaileentzat (sortzaileen kasuan 11n zarratuko da), www.durangokoazoka.eus webgunean.
Abenduaren 2an, formatu txikiko familia-ikuskizun eta tailerren txanda helduko da, kasu honetan Bizenta Mogel Bibliotekan. Arlo honetan lan egiten daben sortzaileek euren ikuskizun eta tailerrak aurkeztuko ditue sektore honetako teknikarien aurrean, 09:00etatik 14:00ak arte. Musikearen kasuan bezela, izena emoteko epe zemendiaren 2an edegiko da sortzaile eta programatzaileentzat (sortzaileen kasuan 11n zarratuko da).
Hirugarren egunean, Azokako online dendea martxan jarriko dan egunean, Literaturatik zinemara: zer behar dau eleberri batek film bihurtzeko? berbaldi labur zikloa eta mahai-ingurua izango da Durangoko Zugaza zinema-aretoan, 11:00etan. Edozein literatura lan egokitu daiteke ikus-entzunezko formatura?
Ze erispide hartzen ditu aintzat produkzino etxe batek literatura lan baten alde egiteko? Prozesu honetan guztian parte hartzen daben idazle, gidoilari, zinema zuzendari eta produktoreek parte hartuko dute. Mahai-igurua amaitu eta hizlari eta entzuleen arteko eretxi trukea egongo da. Ikusleek parte hartzeko, izena emon beharko da zemendiaren 2tik aurrera.
Azken egunean, abenduaren 4an, erakusmahaiak aurrez aurre Azokan izango ditugun lehenengo egun horretan, Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak barriketaldia egongo da Landakon bertan, 13:30ean: Egile eskubideez, komunikazinoaz eta kontratazino kontuez berba egingo dabe hainbat adituk: EKKI Euskal Kulturgileen Alkartea, Amaia Ocerin komunikazino aholkularia eta Miriam Miranda, Musikari Euskal Herriko Musikarien Alkarteko kidea.
Beñat Gaztelurrutia Gerediagako kudeatzaileak nabarmendu dauenez, aitagarria da topaketok atontzen parte hartu daben eragileen aniztasuna. DA! PRO hazi bada eragile askoren arteko alkarlanaren ondorioari esker izan da. Besteak beste, BBK Fundazinoagaz batera, Musika Bulegoa, Berbaro Alkartea, San Agustin Kultur Gunea, Durangoko Bizenta Mogel Bibliotekea, EIE Euskal Idazleen Alkartea, Galtzagorri Alkartea, Euskaltzaleon Topagunea, Hemen eta Gidoigileen Alkartea izango dira atontzaile eta laguntzaileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!