'Ibilbideak', Bilboko Arte Eder Museoko bildumearen onena ezagutzeko

Bizkaie! 2021-10-27 08:27   Kulturea

Eraikina handitzeko obrak martxan dagozan artean eskaintzeari eusteko modua da.

Bilboko Arte Eder Museoa handitzeko obrak hastear dagoz, eta horren eraginez areto asko behin behinean itxi beharko dira, baita eraikinaren zati handiak eraldatu be. Ondorioz, Ibilbideak izeneko erakusketa barria ipini dau museoak 32. aretoan, bildumako lanik esanguratsuenak batzeko eta jenteak artelanik onenakaz gozetan segidu deian. BBK da babesle nagusia. 

Erakusketa barriak helburu nagusi bi ditu: batetik, bildumako obrarik esanguratsuenak publikoari erakusteko modua topetea; bigarrenik, museoaren hezkuntza arloko proiektuei eustea. Izan be, asmo didaktikoz, bisitak antolatzen ditue familientzat, behar bereziak dituenentzat zein gazteentzat, eta obrak martxan dagozan bitartean bildumea ikusgai egotea ezinbestekoa da zeregin hori ez daiten desagertu.

32. aretoko erakusketa fisikoaz gan, euskarri digitalean be ikusi leiteke erakusketea, on line, Ibilbideak artean zehar I eta II hain zuzen. Sasoi, autore eta estilo ugaritako obrak ikusi, hareen ganeko datuak ezagutu eta erakusketea personalizau ahal izango dabe erabiltzaileek on line erakusketan. Euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez konsultau leiteke galeria birtuala. 

Ibilbideak izenburupean batu dituen obrek Arte Eder Museoaren bildumearen ikuspegi ahalik eta zabalena emoten dabe. Erdi Aroko piezak dira zaharrenak, eta arte garaikidekoak barrienak. Lucas Cranach Zaharra, Grekoa, Anguissola, Gentileschi, Zurbaran, Goya, Gauguin, Arteta, Bacon, Oteiza, Chillida eta beste askoren obrak aukeratu ditue.

Goyaren koadroen Zubietako gordailua eta azken urteotan erositako pieza garrantzitsuak sartu ditue erakusketan, esate baterako, Luis Pareten Bilboko Arenaleko ikuspegia, orain autore beraren Bermeoko bisteagaz batera ikusi leitekena. 

Ikuspegi orokorra emoteaz gan, bildumea zelan aberasten dan erakustea be bada asmoa, artelanak erosteko bideen eta prozesuen barri emonez. Dohaintzek be pisu handia dabe museoaren ondarea handitzeko orduan. Alde horrettik, aitatzekoa da azkenaldion jasotako dohaintzen artean euskal sortzaile gazteen lanak dagozala, adibidez, June Crespo, Ignacio Sáez eta Elena Aitzkoarenak.

Dora Salazarren Ehundu II be nabarmendu dau museoak, José Ramón Prieto bildumagileak emondakoa. Oraintsu hil da Prieto, eta haren omenez Womanology antolatu dau Arte Eder Museoak, emakume artista garaikideen lan bikainak batzen dituan erakusketea. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu