Urriaren 29an hasiko da IX. Antzina Folk

Bizkaie! 2021-10-26 13:54   Musikea

Musikeak eta alkartasunak bat egingo dabe aurtengo edizinoan.

Montehermoson egin dabe aurkezpena (argazkia: Gasteizko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteizko hainbat lekutara helduko da IX. Aitzina Folk jaialdia, urriaren 29tik urtarrilaren 2ra, publiko guztiei zuzendutako hamahiru hitzorduei esker. Osasun neurriak eta edukierea ondo jagonda, presentzialak izango dira saio guztiak.

Jaialdia aurkezteko, Montehermoso kulturunean batu dira Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto, Arabako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Inmaculada Sánchez, Eusko Jaurlaritzako Kulturea Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti, Laboral Kutxako ordezkari Kepa Ortiz de Urbina, Vital Fundazinoaren zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacua eta Aitzina Folkeko zuzendari Patxi Villén.

Jarduerakaz bat egitera animau nahi doguz gasteiztarrak, izan be, hamahiru ekitaldi baino gehiago dagoz, jente guztiarentzat, adierazo dau Estibaliz Canto zinegotziak. 

Bertoko eta atzerriko artistak sartu ditue egitarauan eta, ohiko legez, emakume sortzaileei lekua egiten ahaleginduko dira, Emakumeak Folkean atalaren bidez. Txikifolk saileko kontzertu biak, ostera, familientzat aproposak izango dira. Gorka Bravoren Ehun doinuak liburua aurkezteko, eskolen topaketea antolatzeko eta hiru lantegi egiteko aprobetxauko dabe aurtengo jaialdia. 

Urriaren 29an izango da lehenengo emonaldia, Santa Maria katedralean. Taraceak Donejakue bideko musikak ekarriko ditu, Erdialdeko Europako doinuetatik Galiziakoetara, tradizinoa eta oraina buztartuz. Jazza eta erritmo iberiar eta mediterraneoak erabilten ditu Taraceak.

Egitarauan nabarmentzen diran beste artista batzuen artean aitatu leitekez Alasdair Fraser biolinista eskoziarra, Natalie Haas txelo jotzaile kaliforniarra eta Iñaki Palacios arabarra. Julen Alonso trikitilariak eta Oinkari jantza taldeak bat egingo dabe Sutan dantzan ikuskizuna aurkezteko eta Ander Garcia Triok Amahiru disko barriko doinuak eroango ditu Gasteizera. 

Iradier Arenako kontzertu bikotxak biribilduko dau Aitzina Folk, 2022ko urtarrilaren 2an. Lehenengo, Amak laukotea izango da oholtzan eta, ostean, Berriketan taldea. Azken horreek txalapartea eta flamenkoa buztartzen ditue.

Egitarau osoa hemen.

Aurtengo barritasunetako bat kontzertu guztiak ikusi ahal izateko bonua da. 60 euroan salduko ditue, baina 50 bonu baino ez dira egongo. Bonuok zein banakako sarrerak (5 eta 20 euro bitartean) Aitzina Folken webgunean erosi leitekez. 

Era berean, izakera solidarioari eusten deutso Aitzina Folkek edizino honetan. Hori dala eta, zero ilarako lekuak erosi leitekez, eta batutako diru guztia Aefat alkarteari emongo deutse. Nafarroako Unibersidadearen klinikan ataxia telangiektasiari aurre egiteko terapia genikoak bultzatzen ditu alkarte horrek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu