Idoia Montón artistearen erakusketarik zabalena heldu da Bilbora
2021-10-26 10:41 KultureaRekalde Aretoan dago Zazpi leihoak, 2022ko zezeilaren 27ra arte.
Euskal arte plastikoetan, sortzailerik berezienetako bat da Idoia Montón donostiarra, Bizkaiko Foru Aldundiak nabarmendu dauenez. Bilboko Rekalde Aretoan edegi barri dabe Zazpi leihoak, Montónen ibilbidearen errepaso zabala egiten dauen erakusketea, eta aurkezpenean izan da Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao, artisteagaz batera.
Margolanak, marrazkiak eta collage-ak batu ditue, orain arte Montónen obrearen inguruan egin dan erakusketarik handiena eta zabalena atontzeko asmoz. Danetara, 90 obra dira, 1990eko hamarkadatik hona egindakoak. Bilduma pribaduetatik zein inguruko museoetatik heldu dira lanak.
Erakusketearen helburua artistearen ibilbidea berrikustea eta bere lana egituratzen daben ardatzak aurkeztea da. Ez ditue edukiak modu kronologikoan antolatu, gaikako, formazko eta testuinguruko hainbat nukleotan baino. Erakusketeak lau eremu ditu: Gela propioa; Gerra; Barna; eta Begiak zabalik.
Zazpi leihoak izenburuak modu literalean zein metaforikoan adierazoten ditu Montónen obran agertzen diran loturak, barrualdearen eta kanpoaldearen, markoaren eta hutsunearen, zein kalearen eta gelearen artekoak. Leihoa behin eta barriro agertzen dan elementua da, barrutik edo kanpotik errealidadea, paisajea edo bizitzea ikusteko.
2022ko zezeilaren 27ra arte ikusi ahal izango da Bilboko Rekalde Aretoan Zazpi leihoak. Ondoren, Vigora eroango dabe, Arte Garaikideko MARCO Museora. Sorkuntza artistiko garaikideagaz lotutako edukiak konpartiduteko lankidetzeari esker izango da hori. Trukean, Rekalde Aretoan Manuel Quintana Martelo galiziarraren obrak ikusi ahal izango dira datorren urtean.
Erakusketen foru aretoak maila bereko erakundeen arteko lankidetzea dau lehentasunezko helburutzat, baita sorkuntza artistiko garaikideagaz lotutako proposamenak trukatzea be, adierazo dau Lorea Bilbao Kultura diputaduak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!