Emakume zientzialarien lana autortu eta gizarteratzeko ekitaldia egin dabe

Bizkaie! 2021-10-26 08:41   Pil-pilean

Miren Cajaraville, Malu Martinez-Chantar eta Paola Ferrario saritu ditue.

Fernando Cossio eta Jokin Bildarratz, autortzea jaso daben hiru ikertzaileakaz (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasque erakunde publikoak ekitaldia antolatu dabe emakume zientzialariei autortzea egin eta urteroko sariak banatzeko. Hirugarren urtez emon ditue aintzatespenok, Euskal Herriko emakume zientzialarien lana bistaratzeko asmoz eta belaunaldi barrien eredu izan daitezan. 

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa egon dira ekitaldian, baita hiru sarituak be: Miren Cajaraville, Malu Martinez-Chantar eta Paola Ferrario. Ebaluazino Batzordeak aho batez aukeratu ditu horreek hirurak, bakotxa kategoria baten:

- Advanced, ikerketan egindako ibilbide osoaren autorpena. Miren Cajaraville katedraduna da Biologia Zelularrean eta Plentziako Itsas Estazinoko ikerlaria. Ebaluazino Batzordeak nabarmendu dau itsas ekosistemetako zelulen biologian eta ingurumen toxikologian egin dauen ibilbide zientifiko bikaina eta euskal zientzia nazinoarteratzeko egin dauen lan emonkorra.

- Consolidator, ikerketan lider izateagaitik. Malu Martinez-Chantar doktorea da Biokimikan eta Biologia Molekularrean, eta CIC Bioguneko ikertzaile nagusia. Biomedikuntzan liderra da nazinoartean proiekzinoa dauen ikertzaile-programa arrakastatsuaren baitan, ardatza gibeleko gaixotasunetan eragiten daben alterazino metabolikoen azterketea izanik, azpimarratu dau Ebaluazino Batzordeak.

- Starting, ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenari autortzea. Paola Ferrario doktorea da Fisikan eta DIPC-ko ikertzailea. Ikerbasqueko Ebaluazino Batzordeak azpimarratu ditu partikulen fisikan ikertzaile gazte lez egin dituan lorpenak eta ERC Starting Grant beka ospetsua lortu izana positroi emisino bidezko tomografiaren bitartez instrumentazino medikoa hobetzeko.

Aurten autortzea jaso daben hiru emakume ikerlariak aukeratzeko, Ikerbasqueko adituek 300 hautagai baino gehiagoren ibilbidea eta ekarpen zientifikoa aztertu ditue. Azken berbea Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzordeak izan dau, Fundazinoko Batzorde Zientifikoaren bermeagaz. Batzordeak hiru kategorietako ikertzaileen maila zientifiko altua azpimarratu dau, eta horrek agirian ixten dau, batzordearen esanetan, Euskadin emakume ikertzaileek egiten daben zientziaren ahalmen handia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu