Casilda Iturrizar ezagutzeko kultur ginkanea egingo dabe Bilbon
2021-10-22 12:50 KultureaUrriko eta zemendiko astegoien bitan izango dira hitzorduak, sei urtetik gorakoentzat.
Bilboko historian figura garrantzitsua dan arren eta uriko parke ezagunenari izena emoten deutsan arren, Casilda Iturrizar nor izan zan eta zer egin eban ez dabe ezagutzen ume eta heldu askok. Horregaitik, Bilboko Udalak martxan jarri dau Casilda andrea bizirik izeneko egitasmoa. Kultur ginkana bat izango da horri lotutako lehenengo jarduerea.
Casilda Iturrizarren izena dauen parkean eta Zabalguneko kaleetan egingo dabe ginkanea, asteburu bitan: urriaren 30, 31 eta zemendiaren 1ekoan; eta zemendiaren 6 eta 7koan. Egun bakotxean bi edo hiru txanda egongo dira, ordu eta erdikoak.
Sei urtetik gorako umeentzako eta honeen familientzako aproposa dan ginkana horretan, misterio bat argitu eta Casilda Iturrizaren gomutea ezabatu nahi dauen idazle gaiztoa garaitu beharko dabe parte-hartzaileek. Jokoaren planteamenduak dinoanez, Luis Angel Estromboli izeneko idazleak bere amorru guztia Casilda Iturrizaren kontra bideratu eta haren figurea bilbotarren gogoetatik desagerrarazoteko plana martxan ipini dau. Parte-hartzaileek proba ugari gainditu beharko ditue plan gaiztoa ezebezean ixteko.
Udalaren arabera, Casilda Iturrizar nor izan zan ikasteko egokia izateaz gan, kultur ginkaneak balioko dau parkea eta Zabalgunea hobeto ezagutzeko eta parte-hartzaileen adimena eta asmamena zorrozteko.
Doban emon leiteke izena jarduera honetan. Horretarako, Bilbao Kultura webgunera jo behar da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!